• 1
  • 2
hurrengoa
audio II asier leoz   CRAIG ARMSTRONG: "As if to nothing"
Massive Attack taldearen bigarren diskoan euria pianoa erabiliaz dibujatu zuen Craig Armstrong ingelesak (“Weather stomp”). Bristolekoekin izandako hartu emanaren ondoren “The space between us” diskoa argitaratu zuen 97an lege dituen dotorezia eta sensibilitatea konposaketa haietan islatuaz. Azkenaldian soinu bandetan murgilduta izan dugu Armstrong, “Moulin Rouge”-enean esate baterako. “As if to nothing” bigarren bakarkako lana du, bakarkakoa baina gonbidatu zerrenda bete samar baten laguntzaz egindakoa: batetik Evan Dando, Lemonheads talde gogoangarriaren garaiak behin betiko alde batera utzita, “Wake up in New York” izeneko abestia transzendentziaz betetzen du bere ahotsaren espresibitateaz jabe denaren segurtasunarekin. Beste behin ikusten da lorik egiten ez duen hiriaren izena kantu batean topatzeak oraindik ere zera berezi bat sortzen duela irailaz geroztik, are gehiago kantuak azpiko tonuari eusten dioenean. Bono irlandarra ere gonbidatuen artean dago, kasu honetan bere taldearekin dagoeneko ezagutzera eman zuen “Stay (faraway, so close)” kantuaren irakurketa berri bat emateko. Ahotsa garai batean zenetik urrun dauka Bono-k eta hori ezin du estali harizko konponketa eleganteak laguntzen badu ere. Nabarmentzekoa da ere Mogwai taldea Swati Netekar abeslari indiarrarekin elkartzeak sortutako giroa “Miracle” izeneko doinuan. Dena dela, “As if to nothing” diskoan gonbidatu asko dagoen arren (Wendy Stubbs eta Steven Lindsay bertan ditugu ere) ahotsak protagonista baino aitzakia dira Craig Armstrongentzat trebeziaz sortzen dituen ohial elektronikoak aske zabal daitezen lan osoaren gainetik.

DJ SHADOW: “The private press”
Josh Davis-en “Endtroducing DJ Shadow” (1996) ezinbesteko erreferentzia da musika elektronikoan zerbait ezberdina bilatzen duenarentzat eta buru hauste ederra argitaratzen den disko bakoitzari label jakin bat ezarri nahi duenarentzat (Hip hop abstraktua?). Bide batez amildegi bat sortu zuen DJ hizkiak ohizko ezizenaren aurretik jarrita besterik gabe diskoak pintxatzen dituzten hainbat eta Josh Davis bereiziaz. Lan hura “inoiz egin den dance diskorik onena” izendatu zuen Muzzik aldizkari ezagunak, DJ Shadow-ek berak Public Enemy-ren bigarrena nahiago badu ere kategoria horretan sartzeko. Bere esanetan “The Private Press” berri honetako emaitzek ez daukate aparteko zerikusirik aurretik egindako lanarekin, baina onartu beharra dago DJ Shadow bazterrak nahasten dabilen tokian berehala egiten dela nabarmena, James Lavelle-kin burututako UNKLE izeneko proiektu hartan bezala. Badauka bere zigilua arnasak hausten dituen erritmo ilun horietan txertatuta eta badago horren ukiturik ere bere disko berrian. DJ Shadow-en lanak Davis-ek sanplerrak jasotzen eta erabiltzen daukan gaitasuna du oinarri. Zertarako erabili instrumentuak behar diren zati guztiak diskoren batean jasota daudenean? Tarteka, diskoa ahots faltan gelditzearen beldur akaso, rap zatiak dauzkagu ezer gutxi barri ekarriaz (“Walkie talkie” adibidez), baina diskoak duen benetako magia ahotsik gabeko zenbait konposaketan dago ezkutatuta. Hauetan DJ Shadow agertzen zaigu, ezbairik gabe, gaur egungo talde entzutetsuetako batzuen musikaren behin betiko inspirazioa bezala, Godspell You Black Emperor edo Radiohead kasu.