hurrengoa
BELARRA MINTZO ibm   Teknologi berriek aukera berri anitz ematen dutela, honezkero, jakin badakigu, nahiz eta erabiltzen hainbat bederen oso trebeak ez diren. Tresnak dira oro har: komunikatzeko tresna, dokumentatzeko tresna, ikasi eta ikertzekoa. Baina horretaz gain, artea egitekoa ere izan daiteke, egia esanda beste tresna guztiak bezala, egiteko gai bazara, noski.
Oraingo honetan, kamara digital batek, etxean gero eta jende gehiagok duen horretako batek, zazpigarren artera hurbiltzen gaitu.
Orain arte, zineak eskatzen zituen artea egiteko tresnarik garestienetakoak. Dirua, eta asko gainera, behar zen (eta behar da) zinea egin ahal izateko. Baina, euskarri berri honek, kamara digitalak alegia, beharrezkoa zen bide berri bat ireki du horretan ere: esperimentatzeko aukera ematen duena, beraz artean garatzeko aukera emango duena.
Kontua da, honek zinearen industriak ezarri baldintzetatik at ibiltzeko aukera eskaintzen duela. Sortzea da helburu, gero gerokoak. Gauzak horrela, ez dago hainbeste presiorik, ez eta sormen horri trabak jarriko dizkion ekoizpen baldintzarik, zentsura izatera hel daitezkeenak inoiz. Abiatzeko, kamara digitalaz gain talentua behar da, jakina. Eta talentuz sobratua badabilela agerian utzi du Koldo Almandozek bere hirugarren laburmetrai honetan. Haren talentua batetik, ikusentzunezko hizkuntzaren kontrola bestetik, eta bertan lan egin duen jendearen ilusioak, istorio hunkigarri bat era borobil batetan eskaini digute.
Baldintzapen ekonomikorik gabe, mugarik gabeko irudimena eta ezagutzaren esanetara dago burutua Belarra. Gozagarria da ikustea zeinen ongi erabilita dagoen hautatu tresna; digitalean ari direla badakite; badakite horrek eskaintzen dizkien aukerak eta, jakina, aski ongi erabiltzen jakin dute. Alukeria litzateke arkatzez pintatzea lientzo gainean oleoaren testura lortu nahian...
Honetan ez dago testurik, pertsonaiek ez dute hitzik esaten, kamarak kontatzen digu istorioa, helarazten digu beharrezkoa den informazio guztia. Medioa erabat kontrolatzen duten profesionalen aurrean gara, gogotsu lanean aritu direnak, denbora mugarik gabe eta are garrantzitsuagoa dena, ekoizpen baldintzapenik gabe, baldintzapen komertzialetatik at.
Ederki erabilita daude ikus-entzunezko hizkuntzaren errekurtso espresiboak. Plano aukeraketa eta muntaia kasu: izugarri ongi egokitu zaizkio plano klase ezberdinak istorioaren atal, pertsonaia, une desberdinei: emakumea plano sekuentzia luze eta ongi landutako batean aurkezten digu, emeki. Gizona, plano laburragotan, bortitzagotan; haurra, bihurriago; belarra, bizirik. Horien bidez, argi asko deskribatzen dizkigu pertsonaiak zein egoerak. Plano bakoitzari eman zaio behar zuen tempoa eta erritmoa, ez gehiago ez gutxiago, istorioak eskatutakoa doi-doi.
Oso interesgarria suertatzen da Belarrak daukan komiki kutsua, plano askok biƱetak dirudite, nabarmena da Napartheideko jendea lan da lan egon dela proiektuan, ohiko zinemak ez baigaitu horrelako irudiak eskaintzen.
Soinuari dagokionez, bereziki nabarmentzekoa da zeinen ongi erabili duten isiltasuna (ez soinu eza), eta nola soinu ezberdinak gehituz joan diren informazioz kargatuz eszenak. Helburu jakinen arabera landua dago soinua, kalitatez horiek lortuz.
Digitalean aritu izanak, teknikari dagokion beste atal garrantzitsua dakarkigu mahaigainera: Irudien tratamendua. Hamaika frogaren ondorio dira ikus daitezkeen kolore eta filtro ezberdinak. Honetan ere, asmatu dute. Ikutu surrealista, edo hobe esanda, ez errealistaz janzten du filma, oso lagungarria dena gero istorioak bere baitan dakarren mezua ulertarazteko unean. Belarrak du kolore gehien, indar gehien, beste pertsonaien gainetik, naturak berak duen indarraren isla, gizakiaren gainetik dagoela erakutsiz. Eta gainera, ederra da.
Begi bistan da: artearen gakoa talentua bada, ongi egindako lan batena, profesionaltasuna, eta Belarraren gakoa, akaso, bertan aurreko biak bikain uztartu direla.