hurrengoa
paper: ozeanoaren beste aldetik datozenak jon benito   Duela hamar urte, Juan Forn-ek (Planeta argitaletxeko arduradunak) narratiba argentinar garaikideari buruzko antologia bat kaleratu zuen Bartzelonako argitaletxe batean. "Buenos Aires" izena zuen liburu hark. Orduan ezagutu genituen, gerora, ozeanoaren beste aldean garrantzia berezia izango zuten idazleak. Ordukoan irakurri genituen kontinente zaharrean, Ricardo Piglia, Alberto Laiseca, César Aira, Sylvia Iparragirre, Rodrigo Fresán, Rodolfo Walsh, Roberto Fontanarrosa, Pablo de Santis lehen aldiz.
Egungo egoera ekonomiko makurrak, imaginario eta ingenio berria garatzera behartu ditu. Horrek bereizten ditu. Ironia eta errealismo garratzak. Ikuspuntu eta begirada bihurriak, kontaera bereziak. Horiek dituzte baliabide. "Buenos Aires" hartatik hona, orduan ezezagun zitzaizkigun egileen hainbat lan kaleratu dira Atlantikoaren alde honetan.
Ricardo Pigliaren kasua izango da aipagarriena ziurrenik. "Crítica y Ficción" elkarrizketa liburu mamitsutik hasi eta liburuan oinarritu eta gerora pantailaratutako "Respiración artificial" eta "Plata quemada" narrazioekin azpimarratu beharreko bidea osatu duelako. Arrakasta berezia izan dute egile honen lanek, Espainian, Portugalen eta Frantzian bereziki. Bere lanetan, bizitasuna eta errealitate zorrotza ondo konbinatzen asmatu du egileak.
César Airaren, "Una novela china" zaigu obra argentinarrik aipagarriena bigarren kasu honetan. Hau, esperimentazioaren eta originaltasunaren bidetik abiatu baita. Ez du ez, abiapuntu ez ideiarik errepikatzen egileak. Eta irakurlea harritzeko eta entretenitzeko gaitasuna dakar berarekin, beti erakargarri, beti berri. Duela lau urte kaleraturiko "Cómo me hice monja" dugularik horren adibide.

Euskaraz, argentinar literaturarik irakurri ahal da baina...
Cortazarren itzala luzea da euskal letratan. Bi liburu eta bidean datorren hirugarren bat da, aldizkarietan pilatutako hainbat testurekin batera, euskaraz irakurri ahal zaion uzta guztia. "Oktaedroa" 1992an kaleratu zen, Ibaizabal argitaletxearen literatura unibertsala bilduman. Gerardo Markuletak itzuli zuen obra hura, eta baita bi urte beranduago kaleratu zen "Hegoaldeko autopista" ere, azken hau Milabidai bildumaren barne. J.L. Borgesen "Ipuin hautatuak" bildu eta itzuli zituen Juan Garziak azkenik. Hauek dira ozeanoren beste aldetik datozenak, etorri zirenak, etorriko direnak. Azken tangoaren biktimak.