hurrengoa
elkarrizketa: javi p3z.    "Nire ustez dj batek hiru orduko sesio bat behar du jendeari eman nahi dion mezua adierazteko". Javi P3z buru belarri dabil Novophonic-eko bulegoan oraindik lotu gabe dauden gauzetan murgilduta. Kontratazioak udan egin behar izateak ere ez du asko laguntzen artista gehienak biran direlako.
Egia da baina uda saturatuta dago jaialdiekin. Gainera musika elektronikoak udazkenarekin oso ondo dator bat nahiz eta hau ez den ikuspuntu zabalduena. Elektronika berehala lotzen da dantzarako musikarekin eta ez du zertan horrela izan behar. Izan ere musika hau jaio zenean ez zen dantzarako, eta ez zen horrela izan 80ko hamarkada iritsi arte. Dantzarako musika elektronikoa badago jakina, baina bi kontzeptuek ez dute elkarrekin egon beharrik. Musika entzuteko da ere. Elektronikaren atzean urte askotako kultura eta ikerketa lana dago.

Artista gehiegi izan al zenuten iaz?
Agian, programa oso kargatua egotea ez da ona, ezin direlako musikariak lasaitasun minimo batekin ikusi. Iaz kontzertu batzuk besteekin ukitzen ziren ordutegian estilo guztiak elkar kolpatuz oso espazio txikian. Nire ustez dj batek hiru orduko sesio bat behar du jendeari eman nahi dion mezua adierazteko.

Nola erabakitzen dira ekarri beharreko artistak?
Aurreko urtean zer izan den inportantea begiratzen dugu, argitarapenen aldetik eta sortutako oihartzuna. Gero erasoa hasten dugu, aurten alde guztitara disparatu dugu: Dj Shadow esate baterako, mundu guztiaren ahotan dago, sekulako lan berria du. Gertatzen dena da artista batek asko saltzen duenean beregana iristea ia ezinezkoa izaten dela. Badago zenbait artista ez direnak inolaz ere ekarri, ez dago beraiekin kontaktatzerik. Saiatu bai baina ezin.

Elektronikaldia bakarrik artistak ezagutzen dituztenentzat dago pentsatua?
Inolaz ere. Hori ezinezkoa da, oso ondo dakigu ekartzen ditugun artista gehienak nahiko edo oso ezezagunak direla. Kuriositatea duen jenderentzat dago pentsatuta, musika maite dutenentzat. Kontua da jende askok elektronika dance musikaren zaku berean sartzen duenez, gero ez dutela hainbeste dantzarako musika topatzen. Beste batzuetan ordea bisitariak ezagutzen ez zituen espresio bide musikala topatzen ditu Elektronikaldian eta gero bere ikerketa hasten du diskoak lortzen eta abar.

Nolakoa izan zen Elektronikaldia Kursaalera eramatearen jauzia?
Oso handia. Asmoa hori da; hiriaren erdira joatea jaialdia bertan zabaldu dadin. Egia auzoan bakarrik erren gelditzen zitzaigun eta horrelako gauzak mugimendua dagoen tokira eraman behar dira. Bestalde honek aukera eman zigun egunez ere aktibitateak egiteko. Elektronikaldian gaua ez dago egunaren gainetik.

Jazzaldia gero eta gehiago ari da gerturatzen musika elektronikoaren mundura, zein da zure iritzia?
Beharrezkoa zela. Guk aurreko urteetan jarri izan ditugu proposamen batzuk Jazzaldiko antolakuntzaren mahaigainean baina azkenean ez dira atera. Orain berriz ematen du haize hobea dagoela norabide horretan.

Duela urte batzuk Hip hop-a sartu zen Jazzaldian...
Sartu eta atera, egia esan. Badago Hip hop musikala, instrumentalki garatua eta badago beste bat oso planoa, hizlariaren berriketa besterik ez dena betiko marjinaltasun topikoarekin. Hau aspergarria gertatzen zaio musika zaleari, jazz zaletuari agian are gehiago. Hip hop kontuan oraindik oso atzean gaude. Salbuespenik badago baina orokorrean... ez luke horrela izan behar, izan ere Euskal Herritik oso gauza onak irten beharko lirateke.

Hizkuntza dela eta?
Bai, euskarak daukan soinua ona da musikatzeko. Ingelesak bezain besteko malgutasuna dauka. Gainera, bertso tradizioak asko lagundu beharko luke. Inon ez dauden hitzak asmatzea metrikarekin eta musikarekin bat etortzeko... hori oso gauza handia da eta gainera gurea.