audio asier leoz
hurrengoa

RAE & CHRISTIAN

Nocturnal activity

Fiskalaren hitzak arretaz entzun ondoren lehendabizi, “Nocturnal activity” ez dela disko berria esanez iazko “Sleepwalking” izenekoaren nahasketak biltzen dituena baizik, eta defentsarenak ondoren, non nabarmentzen den azken honetan burututako erremix lanek kantu bakoitzarengan itxura aldaketa handiak eragin dituztela, eta aintzat izanik lan horretan ez zegoen abestirik ere badagoela beste honetan, auzitegi honek estimaziorik gabe uztea erabaki du Mark Rae & Steven Christianen gaineko salaketa (“Chem Bros” delako inmobilismo delituari buruzkoa) eta “Nocturnal activity” zentzu guztietan biko ingelesaren disko berria dela baieztatzen du, Rae & Christian bakarrik hiru kantuetan agertzen diren arren. Erabaki honetan kontuan izan dira “Flashlight”, Parliament taldearen bertsio bikaina eta “Wake up” soul ariketa zibernetikoa, Bobby Womacken ahotsak jantzita. Honenbestez, Rae & Christian aske dira eskuartean duten proiektu mordoari nahi dutenean ekiteko, Madonnaren disko berria barne.

hurrengoa

RED HOT CHILI PEPPERS:

By the way

John Frusciante gitarjolearen itzulerak airea eman zion RHCP taldeko jarraitzaileari. Berri ona zen hura, aurreko lanen mailari inondik inora eutsiko ez zion disko berri baten gabezi nabariei gehiegi ez erreparatzeko adina (Californication, 1999), baina ezinezkoa da zortea beti alde edukitzea. Kiedis-en mutilen kantu sorta berriak (16 guztira “By the way” berri honetan) ez dira gaur egun Red Hot Chili Peppers momentuko talde zirraragarria artean mantentzeko gauza orain arte bezala. Dena den, eta taldearen urrats bakoitza azken urteotan aurrekoa baino eskasagoa izaten ari bada ere, asko jaitsi beharko luke oraindik maila interesik gabe gelditzeko. Orokorrean giro barea duen lan berri honetan ere bada zer nabarmendu. Doinu agresiboen faltan (desagertu dira etxeko labela ziren P-Funk zati ikaragarri haiek) armoniak osatzeko duten gaitasuna bere horretan dago, neurri handi batean oraindik musikalki interesgarria den kide bakarrak sortutako pasarte melodikoei esker. Bera, John Frusciante, RHCP taldea amildegitik urrundu dezakeen bakarra da gaur egun (bide batez).

hurrengoa

ZENBAIT

Verve remixed

Ideia ez da berria: Jazz musikaren elementuak egungo baliabide elektronikoek gauzatutako sofostikazioan jantzita biltzea. Helburu honek askotan saxoen eta orokorrean metalen berotasuna hartu izan du rap etorriarekin nahasteko (US3, Buckshot Lefonque). Lan honetan ordea jazzaren izaera ez dago metaletan islatua, “jazz diva” delakoen ahots apainetan baizik: Nina Simone, Dinah Washington eta Billie Holiday besteak beste (azken hau bi abestiekin) egungo ekoizle eta Dj estimatuenen eskuetan jarriak. De-Phazz, UFO, Thievery Corporation eta Richard Dorfmeister aritu dira lanean eta benetan une bikainak eman dizkiote diskoari. Aipatzekoak “Summertime” klasikoa, Sarah Vaughan-ek abestua eta Billie Holiday, zeinen “Strange fruit” iluna Tricky-ren erremixaren neurrira egina dirudiena aspaldikoa izanik ere. Diskoa jarrita uzten baduzu ez ikaratu halako batean “Hare Krishna” mantra entzuten bada zure egongelatik irteten, Tony Scott-en izen bereko abestia da, tibetar apaizen orru eta guzti, diskoari amaiera ematen.

hurrengoa

TRICKY

A ruff guide

Island disketxearekin argitaratutako lanen bilduma. Horrek disko bakarra uzten digu kanpoan, iazko “Blowback”. Gaitzerdi, hori izan bait zen ingeles bihurriaren ekarpenetatik arrasto leunena utzi zuena. “A ruff guide” honek baieztatzen du Tricky ez dela Tricky soilik, Tricky + Martina Topley-Bird baizik. Martina izan zen “Maxinquaye” lanetik (1994) Tricky-k sortutako oinarri infektatu haien artean zirrara sortzen zuen ahotsa, Public Enemy-ren “Black steel” abestiaren bertsioan esate baterako. “Maxinquaye” da hain zuzen, Tricky-ren lehena, bilduma honetan islada handiena duen diskoa (“Ponderosa, “Aftermath”...). Hala ere Tricky-ren hurrengo lanetako kanturik bikainenak ere bertan ditugu: “Angels with dirty faces”-en bildutakoak adibidez, PJ Harvey eta (berriro) Martina-ren ahotsen esanetara (“Singing the blues”, behin eta berriro entzun beharrekoa sinestu ahal izateko). Bestalde, kantu berririk ez dago, zertarako?