hurrengoa
gure amak henry esaten zion harkaitz cano   I  elhuyar Lehen gauzak nahiko ondo zihoazen eta ni sonbrailuak bildumatzen zituen pertsona –erran dezagun horrela, elkar ulertzeko– arrunt bat nintzen. Bera iritsi zen arte.
Gure amak Henry esaten zion landareari eta sukaldean zegoen. Henry esaten zion besterik gabe, gure amak ez zuen zinerik ikusten, ez du zineko izendegi eta ikonografia menperatzen. Zinea ikusi izan balu ez ziokeen inolaz ere izen hori jarriko. Nik nahiago izango nukeen balkoian utzi izan balu, butanoaren ondoan: bi izaki arriskutsu bata bestearen ondoan, horrela bata bestearen arriskua neutralizatzeko gai izango balira bezala.
Erreparoa eta beldurra kutsakorrak dira, molda zitezela euren artean, egin zezatela izuen zirkuitu itxi bat eta gu bakean utzi. Baina sukaldean zegoen. Izatez koloretsua zen, ederra. Erran nahi baita mendebaldeko edertasun kanonen arabera ederra. Ez zuen nik komikietatik besterik ezagutzen ez nituen eta koko berde eta zatarren itxurako burua zuten landare haragijale itsu haien karikaturekin batere zerikusirik.
Landare hura etxean agertu zenetik, loreen presentzia mehatxugarria leku guztietan sumatzen hasi nintzen. Ordura arte, dutxako xukadera beti izan zen zuria niretzat, baina landare haren etorreraz geroztik ohartu nintzen erliebea zuela xukaderak, eta lore batzuek zituela leunki marraztuta. Zerbaiten seinalea zela iruditu zitzaidan, ez galdetu zerena.
Gure etxean euli asko zegoen lehen. Landare hura agertu zenetik ordea –agertu diot, ezinezkoa iruditzen baitzait amak lorea bere kabuz ekarri zuenik sinestea: loreak ekarri zuen ama– eltxo bat bera ere ez. Ez nuen sekula usteko eulien falta hainbeste sumatuko nuenik. Henryk denak jaten zituen. Beldurgarriena bere isiltasuna zen: bere landare estomakak –edo dena delakoak– ez zuen txintik ere ateratzen eltxoak irensten zituenean. Lorontzi batean sartuta zegoela jakiteak, lasaitu beharrean, desasosegua areagotu baino ez zidan egiten. Bere isiltasunean legez, halako harrokeria bat zegoen gelditasun hartan ere: nagusigo bat, begi irensle batekin sukaldea hasieran, eta etxe guztia ondoren, menperatzeko gaitasun iraingarri eta mafioso bat. Bere lanak egiteko butakatik altxa beharrik ez zuen Corleone bat zen. Ni saiatzen nintzen nire kapelu bildumako bat soinean jarri eta bere begiradari aurre egiten. Alferrik. Eguneroko bizitzaren gudalosteek ezer gutxi egin zezaketen bere kontra. Espazioko zulo beltzen pareko zen Henry. Ez zuen zertan mugitu. Mundua mugitzen zen, eta noizbait pasako zen bere paretik.
Kalean noala more eta lila eta gorri deigarriz jantzitako emakumeak ikusten ditut eta Henryrekin gogoratzen naiz. Lepoa moztuko nieke guztiei. Agian noizbait egingo dut. Denboraren zentzua aspaldi galdu nuen, baina uda lehenbailehen pasa eta laster negua etortzea espero dut, ezin baitut horrela luzaro segi. Asteak dira ama sukaldera salda bat prestatzera sartu zela. Oraindik ez da atera. Geroztik ez naiz sukaldera sartu. Harrigarriena da ez dagoela eltxorik, ezta ustel usainik ere. Nork esan behar zidan niri une hau iritsita inoiz hau esango nuenik: apur bat lasaituko ninduke sukaldetik kirats arrastoren bat sumatzeak, sikiera. Sonbrailuak gorrotatzera ere iritsi naiz. Ezin dut Printze Txikia ipuineko boa hura burutik kendu. Eta dena balkoian ez uzteagatik, butanoaren ondoan.
Gustura egingo nuke keinu bat, dagoen lekuan dagoela ere, amari berarekin gogoratzen naizela adierazteko. Baina okerrena da, ez dakidala loreak nora eraman ere. Ezta nirea bezalako kasu batean –sukaldea itxita, dena isilik– loreak eramatea irtenbiderik egokiena ote den.
Ez dakit lehen esan dudan, gure amak Deborah zuen izena. Henry esaten zion berari.