hurrengoa
sasi jainkoak i.b.m.   “Gure kasuan arte hitza lanbideari lotuta dago”
(Dario Fo).

Aktorea gaur merkatuko produktua bihurtu da, hau da, haren kalitatea baino mila bider garrantzitsuagoa da haren salmenta masiboa. Eta okerrena ez da medioak modus operandi hori izatea, baizik eta aktore ugarik honetan erabat sinisten dutela, “fotogenikoa naiz”, hortaz, “aktorea naiz”.
Errealitatea honelakoa izanik, jendeak pentsatu ohi du edonor sar daitekeela lanbide horretan, eta neurri batean ez zaie arrazoirik falta, baina, zer nolako emaitzarekin? Talentu falta ez da sikiera lanarekin, ofizioarekin ordezkatzen. “Ni honetarako jaioa naiz”, hortaz, “aktorea naiz”.
Honetan, ez da nahikoa jaiotzea, gainontzeko arteetan bezala, lan egin behar da. Pianoan kanta bat jotzen jakiteak ez zaitu automatikoki pianista bihurtzen, ez eta flamenko ikastaro batek bailaore. Aldiz, egun sinismen popularra da telesail batean papertxo bat izateak aktore bihurtzen zaituela.
Eta hori gutxi barneratua balego, agertzen zaizkigu orain telebistako moda berri bat "egin zaitez artista hiru hilabetetan”. Telebistak badu gaitasun, erraztasun harrigarria edonor “profesional” bat bihurtzeko, eztabaidaezina den doai ia dibinoa emanik. Oro har Penelope izan nahi du, baina, zer dela-eta? Haren interpretatzeko talentua dela-eta?, edota berak lortu duen estatus sozial bera lortu nahi dutelako?

“Prozesu sortzailean teknikak bigarren mailako papera dauka, auxiliarra (...), ez du fabrikatzen ez inspirazioa ezta talentua ere, baina azken hau leuntzen du, bai eta besterako terrenoa prestatu”.
(Stanivslaski)

Talentua soilik aktoreak jar dezake, inoiz ez medioak. Gertatzen dena da arte honetan erabiltzen diren tresnak edozein gizakiak dituela propioak; emozioak adieraztea eguneroko zerbait bada ere, horrek ez du esan nahi mundu guztiak testuinguru errealetik kanpo birsortzeko gaitasuna edo talentua duenik.
Inori ez zaio burutik pasatu ere egiten egunero busa hartzeko korrika egin arren atleta izan daitekeela, edota Eguberrietan krisma aunitz idazteagatik, nobelista.
Bagaude Stanislavskik aipatu geldialdi penagarri eta luze horretan, non ez diren agertzen dramaturgo berriak, ez eta aktore eta talentuzko zuzendariak ere; eta bertan jarraituko dugu aktoreen lanbideari zein talentuari merezi duen kontsiderazioa ematen ez zaion bitartean.