• 1
  • 2
hurrengoa
ipurdi gogorrak    Kuduroa punk da; "Do it yourself" filosofiaren adibide ederra. Herrialde garatuetan, aukera ezberdinak dauden errealitate batetan, DIY filosofia jarrera bat da gehienetan.

Beste hainbat tokietan ordea, har dezagun Angola adibide, DIY ez da filosofia bat, egunerokotasunean txertatua dagoen superbibentzia mekanismo bat baizik. Ez dago beste aukerarik. Horregatik, Kuduro musika, Favela Funk, Reggaeton eta beste hainbat 3. munduko musika garaikideren moduan punk hutsa da... lehenengo mundukoek deskubritzen ditugun arte.
erritmo nahasketa indartsua
Kuduroa Angolako musika tradizionalari, Sungura, Ragga, Semba eta Afro Zouk erritmoak nahastu eta guztiari Europatik etorritako house eta techno erritmo elektronikoak gehitzean ateratzen den koktela da. 80. hamarkadan sortu zen, Luandako ekoizleek aipatutako erritmo ezberdinekin nahasketak egiten hasi zirenean, dantzaleku eta festa ezberdinetan euren trebezia erakusteko asmoz. Erritmo dantzagarri berri honek sekulako arrakasta izan zuen. Kuduro musikaren zabalkundean, Luandako candongek (autobusak) eta candonga gidariak izan ziren bultzatzaile nagusiak. Musikari batek candongeiroari bere musika eman eta honek jarri egiten du, bidaiariei gustatzen bazaie, behin eta berriro entzungo da eta jendeak musika hori grabatu egingo du... bestela, ba saiakera berria egitera. Kuduro musikan, hitzak, sinple eta zuzenak izaten dira. Gehienetan portugesez kantatzen badira ere askotan, Angolako beste hizkuntza ugarirekin nahastuta kantatzen dira. Kuduroan ez da erregela itxirik existitzen, dena da nahasketa. Askotan gainera herriaren errealitate sozio-politikoa izaten dute aipagai eta jakina, ezin esan Kuduroa agintarien musika estilo kuttunena denik.

ipurdi gogorrak dantzan
Kuduro hitza, culo duro, ipurdi eta gogorra hitzen batuketatik dator. Musika hau dantzatzean ipurdi masailak gogortu behar direlako eta teoria baten arabera, dantza honen inspiratzaileak halako ipurdia duelako. Tony Amado Kuduroaren "guruak" dio, Jean Claude Van Damme aktorearen film bat ikusten ari zela etorri zitzaiola dantzarako inspirazioa. Bere musikak eta Van Dammeren mugimenduek bat egiten zutela konturatu zen eta mugimendu horietan oinarrituta hasi zen dantzatzen. Kuduro dantzek ordea emakumeen mugimendu lizunetan lortzen dute euren mailarik gorena. Ipurdia atera, gogortu eta gerriari aurrera eta atzera eraginez dantzatzen da Kuduroa. Eta zin dagigu ez dela jaio dantza honen aurrean odol jarioa hanka tartean kontzentratzen ez zaion gizasemerik.

angolatik lisboara...lisboatik mundura
Kuduroa, Angolatik Lisboako auzo txiroetarabidaia egin zuen bertan bizi den angolar
jatorriko komunitate zabalari esker. Berehala portuko dantzalekuetan eta kalean antolatzen ziren sound system ezberdinetan lekua egin eta bertoko musikari gazteak soinu berri harekin esperimentuak egiten hasi ziren. Auzo horietako batean (Buraca) sortu zen Kuduro musika talderik ezagunena den Buraka Som Sistema. Egun, mundu osoko jaialdietan eta MIA bezalako artistekin lankidetzak egiten dihardute. Baina ez daude bakarrik, hementxe zuen interesa piztu dezakeen beste hainbat ipurdi gogor: Helder, o Rei do Kuduro, DJ Manya, DJ SL, Daviz, Dog Murras, Tony Amado, DJ Nike, DJ Joao Reis, DJ Beleza, DJ Amorim, DJ Paulo Jorge, DJ Baby T, Sebem, Dj revolution, Dj znoobia, Bruno M, Puto Prata, Os F4, De Faya,...