hurrengoa
LAMBCHOP, distantzia laburrean asier leoz   Nashville. Jack Daniels botilak bata bestearen atzetik eskenatokia babesten duen metalezko sarea jotzen. John Belushik tabernariari: "Zein musika jartzen duzue hemen?" – "Biak, Country eta Western..."
Azkenaldian gorpuztu den “Alt Country” edo “Americana” mugimenduak lur eman dio Nashville topikoari. Calexico, Whiskeytown, Jim White, Lost Highway zigilua... elkarren arteko lotura unerik emankorrenean dagoen olatua da.
“Americana”-k duen buruetako bat, Kurt Wagner (1958, Maryland):
"Haur bat nintzela Nashville-era joan ginenean, autoaren atzeko leihotik begira pentsatzen nuen: Ene, Nashville... nola bururatu zaie hara joatea... hasiera zaila izan zen. Hangoen azentu berbera ez nuenez herriko redneck country zale guztiak nire bila etortzen ziren borroka gogoz".
87an Wagner emaztearen disko dendan jotzen hasi zen bere lagunekin.
94an lehen diskoa zuten kalean (“Jack’s tulips”). Egun, sei lanen buruan, Lambchop ezinbesteko taldea bilakatu da.

Is a Woman
Aurreko diskoan (“Nixon”) Lambchop soul musikan barneratu zen Curtis Mayfield/Al Green bidean baina Nashville sustraia galdu gabe.
Instrumentazio aberatsa eta hamar kantuen gainean espresio handiko ahotsa. “Is a woman” lan berria, aurrekoa gelditu zen toki berean hasten da, estutu gabe. Tony Crow kide berriaren jazz ukituko pianoa eta Kurt Wagner, bisera gorria soinean, bere ahotsaz baliatzen eguneroko gauzak distantzia laburrean kontatzeko. Beltzen musika ez dago, antza, Hank Williams-en belardi haietatik urrun.