audio II asier leoz
hurrengoa

MERCROMINA

Bingo

Surfin’ Bichos zenaren hiru laurdenak bueltan dira hirugarren diskoarekin. Badago bide berrian aurreko lanen isladarik, baina orokorrean hasera berri bat ematen du. Atmosfera lodiak, apur bat sikodelikoak sortzeari ekin diote Albacetekoek lan honetan garapen instrumentalak direla medio, zenbaitetan Pink Floyd taldearen hitz bakarreko izena zuten aspaldiko disko haiek gogoan hartuaz. Emaitza berrien artean “Ninguna parte” instrumentala aipatuko nuke, hiru ataletan banatuta. Abestuta daudenen artean “Chaqueta de pana”, Planetas/Enemigos tankerak hartzen dituena eta “El buzo” aipatzekoak dira, azken hau Cecilia Ann taldeko Estrella Román abeslari gonbidatuaren neurrira egindakoa. Izenburuak adierazten duen moduan, Mercromina-ko lagunek asmatu dute berriz ere.

hurrengoa

JILL SCOTT

Experience 826+

Disko bikoitza, lehendabizikoak Jill Scott-en kontzertu bat dakar eta bigarrenak estudioan egindako kantu berriak. Ez da maiz gertatzen artista baten bigarren lana zuzenekoa izatea. Dena den, eta zuzeneko diskoak “Who is Jill Scott? words and sounds vol.1” izeneko lan hartan oinarria badu ere, kantu berberak taula gainean desberdinak dira oso. Scott anderearen maisutasuna behinbehineko Soul Diva haien parekoa da. Entzuleekin mantentzen duen komunikazioak oso giro berezia ematen dio kontzertuari, “Slowly surely” abestian adibidez. Bestalde, estudio lanak zuen produkzio izugarri zaindua zegoen tokian, orain banda handi batek bere gaua daukanean eman dezakeen berotasuna dago, tartean 4Hero-ko lagunekin egindako “Another day (Gotta get up)” kremazko abestia.

hurrengoa

FATBOY SLIM

Live on Brighton Beach

Dj gehienen aita espirituala bere ingurugiro naturalean. Brighton hiriko Boutique kluban ohizkoak direnek maiz daukate Norman Cook (aka Fatboy Slim) diskoei bi eskuz eragiten ikusteko aukera, baina hau bestelako ospakizun bat da, hondartzan jasoa, nahiz eta aparteko misteriorik ez duen. Dantza eragitea da kontua eta horretan gutxik dakite Cook jaunak adina. Break Beat delakoa erabat gaindituta, denborari askoz hobeto aurre egin dion House musika da sesio osoan entzuten dena. Horretarako egileak eskura dituen armarik onenak erabiltzen ditu kupidarik gabe, set-a Underworld-en “Born slippy”-rekin hastea edo “Put your hands up in the air!” leloari heltzea entzuleak bere onetik atera nahi dituenean. Ulertzekoa denez, Fatboy Slim-en materialak tarte ederra dauka erreserbatuta hemen (“Star 69”, “Right here, right now”, “Bird of prey”). Sesio ona.

hurrengoa

TANYA DONELLY

Beauty Sleep

Bigarren bakar lana Throwing Muses taldearen sortzaileetako baten eskutik. “Love songs for underdogs”, bere lehendabiziko diskoa ez zen behar bezain toki guztietara iritsi, benetan ona zen arren. Bertako abestiak maitatzeko ez zenuen Breeders edo Throwing Muses taldeen jarraitzailea izan beharrik, besterik gabe maitatzeko modukoak ziren. Bost urte beranduago Tanya Donelly ez da lehengo berbera. Hasteko, ama da. Amatasunak musika egileengan eduki izaten duen eragina, erreflexio gehiago kantuetan, babesa eta epeltasuna kontzeptu moduan edo soinuan islatuta, ez da nabari Boston inguruko kantu egilearen lan berrian. “Beauty sleep” berezia da hasten den une beretik, “Life is but a dream” izenekotik, iluna, nahasia. “Moonbeam monkey” bestalde, Morphine talde gogoangarriko Mark Sandman abeslari zenarekin jasoa, lan osoko ederrenetakoa da.