hurrengoa
arabierazko hiru poeta kirmen uribe   I  juan hermoso (impresiones) AZIZA UMAR JAKWARI
Azken belaunaldietan sinboloa erabat baztertu dute idazleek eta nor bere esateko era bilatzen ahalegindu. Errealitateari lotu zaio zeharo poesia. Ahots berrien artean asko eta asko emakumezkoenak dira.

"DIFERENTZIA"
Esaten didate...
Zergatik idazten duzu?
Zorohaizeak hartu al zaitu?
Denborapasa da?
Norekin? Noren kontra?
Norentzat daramazu lurrin garesti hori?
Zergatik egiten duzu oinez horren harro?
Jo ezazu zure oinekin bizitzaren partitura,
esaten didate...
Zergatik zara hain egoskor,
zergatik hartu hainbeste lan?
Zertarako hainbeste ahalegin?
Esaten didate...
Legeak hautsi ditudala
eta konstituzioa,
entzun txarrekoa naizela,
bide okerretik noala.
Esaten didate
nik piztu dudala sua,
Luzifer madarikatuaren adiskidea naizela,
nire gorputz biluzia erakusten dudala
esaten didate...

(Atabalaren aitorpenak, 1998)

NIZAR KABBANI
“Bertso librea” eman zion izena Nazik al-Malaika poeta irakiarrak arabieraz idatzitako poesia goitik behera aldatu zuen mugimenduari. 40ko hamarkadan sortu zen tradizioarekin erabat eten gabe gaiak eta moduak eraberritzeko ahalegin hori. Aitzindari horietako bat dugu Nizar Kabbani siriarra. Botere politikoaren aurka ezezik gizonezkoek emakumezkoen gainean duen boterea ere salatu zuen Kabbanik. Ez alferrik. Wisal izeneko arrebak hamabost urterekin bota zuen bere burua maite zuenarekin ezin zuelako ezkondu.

"URAZPITIK IGORRITAKO GUTUNA"
Nire maitale bazina lagunduko zenidan zugandik aldentzen.
Nire sendagile bazina lagunduko zenidan zure gaitz hau osatzen.
Jakin izan banu amodioa hain dela arriskutsua ez zintudan maitatuko.
Jakin izan banu itsasoa hain dela sakona ez nintzen itsasoratuko.
Nire bukaera jakin izan banu ez nintzen hasi ere egingo.
Zutaz maitemindu nintzen eta zuk erakutsi didazu ez maitemintzen.
Erakutsi didazu zure maitasuna errotik ateratzen.
Erakutsi didazu nola hiltzen den malkoa begi ninietan.
Erakutsi didazu nola hiltzen den amodioa
nola egiten duen desioak bere buruaz beste.
Oi, mundua poema bat gisa irudikarazi zenidan hori,
bularrean zauria erein eta gero moztu egin zenuen hori,
inoiz maitatu izan banauzu heldu eskutik,
maiteminez ero bainago, gorputz eta arima.
Zure begietako olatu urdinek dzanga egitera gonbidatzen naute,
baina hasiberria naiz amodio kontuetan eta ez dut txaluparik.
Urazpian hartzen dut arnas, ito egiten naiz, ito.
Oi, orain eta iragan, mundua mundu denetik,
entzuten al duzue urazpitik ateratzen den nire ahots hau?
Adoretsu banintz neure burua aterako nuen abismo honetatik,
baina ez dakit igerian.


Simpletasuna erdietsi nahi izan du beti Nizar Kabbanik, eta gurari horrek buruhauste ikaragarriak eman dizkio. Amodioaren liburua bildumari buruz honako hauxe esan zuen: "Inoiz ez dut hainbeste lan egin liburu bat idazten. Zirriborroak idazten hamaika orrialde apurtu ditut, bota egin ditut nik nahi bezalako indarra ez zuten makina bat poema. Bi bertso-lerro besterik ez zuen poema batek, esate baterako, bi hilabeteko lana eman dit".

"BILUZ ZAITEZ"
Biluz zaitez,
mendeetan zehar
ez da egon lurrean miraririk.
Biluz zaitez,
mututu egin naiz
eta zure gorputzak hizkuntza guztiak dakizki.

(Amodioaren liburua, 1970)

Londresen hil zen 1999an.

MAHMUD DARWIX
Darwix da, zalantzarik gabe, gaur egungo arabierazko poeten artean ezagunena. Milaka liburu saltzen ditu eta milaka dira haren errezitaletara joaten diren entzuleak. Palestinarra izaki, hango literatura bizirik iraunaraztea izan da beti bere asmoa, egoera politikoak ito ez dezan. Sei urterekin herbesteratu behar izan zuen Libanora eta geroztik ez da jaioterrira itzuli. Gorroto du odolezko letra larriz idatzitako Historia eta maitatu natura, gizaki xumea, itzulera.

"NI HANGOXEA NAIZ"
Ni hangoxea naiz. Eta oroitzapenak ditut.
Jende arrunta bezala jaio nintzen neu ere.
Badut ama, eta etxea leiho askorekin.
Baditut anai-arrebak, lagunak
eta kartzela leiho hotz batekin.
Baditut kaioek bahitutako olatua, paisajerik gogokoena, basobelarra,
ilargia hitzaren mugetan, txorien jana eta olibondo hilezkorra.
Lurretik igaro naiz ezpata hura gorputz hartatik igaro baino lehen,
gorputza mahai bihurtu zuen ezpata hura.
Ni hangoxea naiz. Bueltan ematen diot zerua amari
harengatik negar egiten badu,
eta neuk ere negar egiten dut
hodeiak ezagut nazan itzuliko denean.
Ikasi ditut, araua apurtzearren, odolaren auzitegiko hitz guztiak.
Ikasi dut hizkuntza guztia eta desegin egin ditut zeinuak gero,
hitz bakar bat osatzeko: sorterria...

(Larrosa gutxiago, 1986)