hurrengoa
arteak jositako karpa i.b.m.   Gau eta egun ugari igaro da erromatarrek zirkuko piztietara kristauak botatzen zituztenetik. Pirueta ugari eman ditu ordutik zirkuak bai eta zirkuan jaio, hazi, bizi eta zendu izan direnek.
Orduko zirkoak ez zuen karparik, egungoak ezta ere. Aldiz, zirkua irudikatu behar denean karpa gorri-txuria agertzen da irudiaren erdian, gurdiz inguraturik, piztien kaiolaz inguruaturik eta gurasoek lagundutako umez beterik.
Erromatarren garaiko zirkoko langileek ez zuten lentejuelarik euren jantzitan, are gutxiago lehoien ahora zuzen zuzen joandakoenetan. Baina garai batez, ikusgarritasuna lortzeko akaso nagusitu ziren, baita ere karpa gorri-txuri pean. Egun gero eta distira gutxiago dute jantziek, baina argi berezia jaurtitzen du oro har ikuskizunak.

Zirku erromatarretatik, Ertaroko gazteluetako aretoetara, kale eta plazetara, karpa barrura edota eskenatoki gainera. Zikuaren artea bizibizirik darrai egun, nahiz eta mendetan zehar argilun ugari zeharkatu dituen.
Bereziki iluna izan da duela urte gutxi batzuk igarotako bolada. Zirkuan krisiaren mamuak egin zuen agerraldi nagusia, eta harian, kili-kolo jarri zuen mendetako tradizioa duen arte disziplina.
Izar asko argirik gabe gelditu zen, trapezista, bihurrikari errusiarrak edota txinatarrak kasu; pizti ugari, kaiolan egotearen poderioz abere bilakatu zen, edota zenbaitzu okel. Eta ume askoren ametsak bertan bera gelditu ziren urteoro ez bezala karpa ikusi ez zuenean udako goiz gori hartan.

Guines errekorran zer ez zen ikusi ordurako? Jada ez zuen inoren arreta deituko emakume bizardun batek, gizon balak edo hamaika marabila egin zezakeen inork.
Telebistako makina bat programek aukera beretsuak eskaintzen zituzten, eserlekutik mugitu gabe. Magia galdua zegoen, beranduegi ote?
Arrisku-salto bikoitza eman zuen zirkuak orduan eta tatatatxan! Froga gainditu du, aixe gainera. Zirku berriaz hitzegin da azken bolada honetan,
baina zirku berria baino, zirku biziberritua esan liteke dela. Ikuskizunak espaloia igo eta artea ukitu du; pista anitzak atzean gelditu dira, egun guztia pista bakarrean (eskenatokian) burutzen da; agente ugarik aurrera eramandako osotasuna duen istorioa ez dago inondik inora harian eta horren harira erakusten diren abileziek ez dute, jakina, zapore bera telebistako beste sasi-ikuskizunetan. Delikatesen baten aurrean dago ikuslea: artea, estetika zaindua, kalitatea.
Bere baitan arakatu du zirkuak eta horretan dihardu, hoberena berreskuratuz, traketsena alde batera utziz, oinarri finkoen itxurak landuz, gauzei duten balioa emanez, zirku-gileen merituari txalo eginez. Gogorra da nola ez zirkuaren mundua, baina, jakina den bezala, eskeronekoa ere bada, egun gero eta gehiago, gero eta zailagoa baita inorengan, ume zein heldu batengan, irria, mirespena, ilusioa eragitea. Akaso hori dugu zirkuaren magia...