hurrengoa
US3, abizenik gabeko musika asier leoz   Bost urte eman ditu Geoff Wilkinson eta Mel Simpson kide dituen lan taldeak emaitza berririk argitaratu gabe. Coltrane, Gillespie, Parker eta gainontzeko jazz munduko maisuei begira egin zuten “Broadway & the 52” izeneko lan hura ezagutzera eman zutenetik pasa direnak hain zuzen. Egunotan “An ordinary day in an unusual place” kaleratu dute. Lehen bost minutuetan, hiruko ingelesaren inguruan gorde zitezkeen aurreritziei lur ematen die. US3 jazz eta rap musikak ondoen korapilatu zituena izan zen. Guru-ren “Jazzmatazz” bildumak baino lehenago eta proiekzio komertzial handiagorekin. Abesti bat izan zen giltza: “Cantaloop (Flip fantasia)”. Herbie Hancocken musika oinarritzat hartuta (berea zen "Cantalope Island”) jamaikar koloreko errezitatu motela tartekatzea oso bide egokia gertatu zitzaien. "Hand of the torch”, US3-ren lehen diskoa, jazza eta hip hop-aren lainopeko bidegurutze horretan zegoen kokatuta. “Cantaloop (Flip Fantasia)” eta “Tukka Yoot’s riddim” bezalako abestiek etxeko labela eman zion US3 taldeari. Hortik aurrerakoak egitura beretsuak izango ziren, baita Steven Spielberg-en eskutik The Flinstones delakoen bizipenetan sartu zutenean euren Be Bop/Funk ukitua (“I showed a caveman how to rock”). Bigarren lana izan zen “Broadway & 52th” izenekoan ordurarte sakondu gabe zituzten erritmo ilunetan apurka barneratu baziren ere, benetako aldaketa orain etorri da.

Egun arrunta ez usteko toki batetan
"Zorionekoa ezer espero ez duena, berak ez baitu kalerik jasoko". Disko baten barneko orrietan esaldi hori topatzeak harridura sor dezake. Lan osoa ondo entzun ondoren ordea, zentzua dauka. US3ek lan desberdina egin du. Desberdina eta bikaina. Izan ere US3-ren lan berri honetan, ez duzu beraien ustezko eskema horri lotutako kantu askorik aurkituko. Haietako bat “An ordinary day in an unusual place” ezagutzera eman dezan aukeratu dutena, “You can’t hold me down”, baina hemen ere ohizko saxoaren esaldi eranskorraz aparte, ustez behintzat talde honi arrotza zitzaion asian-beat eragina azaleratzen du US3-k sitar doinuak bere musikan uztartuaz. Antza denez Talvin Sign, Indian Ropeman edo Asian Dub Foundation-en lanak Blue Note zigiluko jazz klasikoen eskuko CD poltsa berberan eraman dituzte azkenaldian.
Protagonista nagusia Alison Crockett. Bere ahots indartsuak jantzi ditu lan berriko abesti gehienak. “Let my dreams come true” esate baterako. James Bond etxeko filme berria Habanan kokatuta balego honek izan beharko luke, ezbairik gabe, bertako soinu banda, Shirley Bassey mojito artean. "Sugar sugar (She she wah wah)”, “Pay attention” eta “Get out” jungle zitala besteak beste, Alison Crockett-en eztarria dute lagun, US3-ren ekarpen berriko emaitzarik onenak direlarik. Baina bestelakorik ere badago, lehen aipatutako indiar ukitua Swati Naketaren kolaborazioari esker areagotua (“India”), blues soil bat oinutsik (“Shady people”) eta US3-ren betiko jazz/hip hop abesti horietako bat (“Why?”) zeinen musikaren inguruan gabiltzan erabat ahaztu ez dezagun.