audio makala
hurrengoa

4 HERO: CREATING PATTERNS

Mercury/Talkin’ Loud/So Dens 2001 ©

Ekarpen berri honekin, zerua ukitu du Marc Mac eta Dego kide dituen talde ingelesak. Bertako drum & bass eremuan DJ eta ekoizle lanetan egindako iharduera luzea da. Gilles Peterson-en Talkin Loud zigiluan argitaratutako hainbat maxisingle eta diskori, aurretik Reinforced labelan ateratako lan sorta gaineratu beharra dago, egun luxuzko ekoizpen gizonak bihurtu izana ondo arrazoitzen dutenak. Disko berrian soul, etorkizuneko jazz, drum´n´bass eta broken beats zartadak topatuko dituzu. Horretaz gain, ahotsak, emakumezkoak gehienak eta bereiziki Ursula Racker-ena, zoragarria, giro espezial eta bakarra lortzen duena. Ohizko kolaborazioetaz gain, “Time” abestian esate baterako, Jill Scott-en ahotsa dago txertatuta “Another day” izeneko kantu ederrean, soul elektronikoaren emaitza onenetarikoa, ulertzeko errazak diren testuekin. Lady Alma ere lan honetan dago, “Hold it down” izenekoan, lehen entzunalditik dantzara bultzatzen zaituena. Diskoa amaitzeko, Minnie Ripperton en “Les fleur” klasikoaren irakurketa berria, soul sinfonikoaren babesan egindako ariketa aberatsa, hariak (biolak, biolinak) bateriak, perkusioak, metalak eta abar erabiliaz. Ezbairik gabe, hau nekatzen ez duen diskoa a, behin eta berriro entzuten baduzu ere. Izan ere, bertan sartzen zaren aldiro ukitu eta elementu berriak aurkituko dizkiozu. “Creating patterns” diskoak azalera dakar gaur egungo elektronikan mailako kaxkarreko emaitza asko izanik ere, badagoela oraindik toki beretik abiatuta benetako altxor musikalak egiten dituen sortzailerik.

hurrengoa

DE LA SOUL

Hip hop musikak egun dauzkan jarraitzaile askok ez dute New York-eko hiruko honen lehendabiziko “3 feet high and rising” lanak suposatu zuenaren berri zehatzik izango. Egia esan, 80ko hamarkadaren amaiera hartan zegoen musika herrikoia egiturak bertan behera bota zituen disko horrek, Estatu Batuetan ezezik mundu osoan ere. Lekutan dago lehen disko hura. Lanean eman dituzten urteetan 6 disko argitaratu dituzte estilo oso baten behin betiko maisuak bilakatuaz. Emaitza berri honetan, taldeko hiru kideak, apur bat gizenduta eta look berrian (“House Party” filmeko protagonistaren orrazkera haiek), egungo joera berrietara gerturatu dira formak eraldatuz, Hip hop / R n’ B nahasketa lantzen “ Baby Phat", "Held Down" eta "Am I Worth you?" bezalako konposaketen eskutik. Gonbidatuen zerrendan Devin The Dude, E. Yummy Bingham, Cee-Lo eta Glenn Lewis dituzte besteak beste, baina beraien moduei eutsi diete freskotasun handiko abestiak ekarriaz. Konpaktoa intro batek zabaltzen du eta jarraian kantuak elkarlotuta daude, DJ sesio bat jasoko bailitzan. Telefono ahotsak eta kaletik hartutakoak han-hemenka, irratiaren diala dantzan... hasi eta amaieraraino oso arina da disko honen entzunaldia. Merezi du bide batez taldeak duen web gunea bisitatzea: