• 1
  • 2
hurrengoa
mulholland drive: kultuzko filma bihurtzeko errepidean koldo almandoz   I  vertigo films Una historia verdadera ("A straight story") arrakastatsua filmatu ostean, EEBB-etako ABC kateak, Mulholland Drive telesaila filmatzeko kontratatu zuen David Lynch. Mulholland Drive Los Angelesen dagoen errepide bat da. Santa Monicako mendiak gurutzatzen dituen errepide bihurria. Aingeruen hiritik ihes egin eta Hollywood-erantz abiatzen den lerro zinematografikoa. Gauez ordea, errepide bakartia da. Irteera eta helmugarik gabeko asfaltozko eremu misteriotsua. Atal pilotu bat grabatu zuten, eta ABC kateko exekutiboek emaitza ikusi zutenean, telesaila bertan behera uztea erabaki zuten. David Lynch ek, ziurrenik, behatzekin tupea orraztu eta astiro, poxpoloaz, zigarro bat piztu zuen. Ondoren, bere Cadillac deskapotablean sartu eta etxera itzuliko zen. Edozein "brikomania" zale gisa garajean altzariak egitera.
Baina Lynch zerrautsez zikintzen zen bitartean, Canal pluseko Pier Edelmanek, aukera ikusi eta istorioaren eskubideak erosi zizkion kate estatubatuarrari. Ondoren, Lynch, amaiera bat idatz zezan konbentzitu eta telesaila luzemetrai bihurtu zuten.
Mulholland Drive-n, Twin peaks-en bezalaxe, arazo bat duen emakume baten inguruko istorioa kontatzen zaigu. Emakume bat, auto istripu baten ostean, amnesiak jota esnatzen da guztiz arrotza zaion toki batetan.
Aktoresa izan nahi duen emakume bati esker, apurka, bere iraganeko pasarteak oroitzen joango da. Baina oroitzapen horietako asko ez dira batere atseginak izango. "Mulholland Drive-n, modu abstraktoan sentitzen ditugun pasarte horiek islatu nahi izan ditut. Niri, zineak, abstrakziorako indarra eta bidea ematen dit. Gustoko dut deskribitu ezin ditudan sentsazioak izatea. Kontrolpean ez ditudan sentsazioek sortzen duten harridura sentitzea. Eta badakit, ez naizela bakarra. Horregatik egiten ditut, egiten ditudan pelikulak".
David Lynch. Maite edo gorroto duzun zuzendaria. Baina beti ere Lynch. Estilo eta mundu zinematografiko baten sortzailea. Dekadentzia eta larrimin esistentzialista irudi bihurtzen duen gizona. Mulholland Drive Cannes-ko sekzio ofizialean aurkeztu zen eta Sitges eta Donostiako fantasia eta beldurrezko Zinemaldian izan da ikusgai. Zine aretoetara noiz? Nork daki. Lynch –en pelikula bat da...