komikiak
hurrengoa

mr. Punch

Neil Gaiman eta Dave Mckeen. Sandman ospetsuaren egileak. Komikigintza britainiarreko bi erraldoiak. Emigre-koek jantzi dute komikia beren tipografiekin. Argazkiak, colageak, marrazkiak. Hainbat medio artistikoren komikiratzea edo. Haurtzaroko irudiak eta gertakizunak kontatzen dizkigu narratzaile heldu batek. Garai haietako pentsamenduen inozentzia puskatuz eta lerro artean, gordintasunez, benetan gertatu zena biluztuz. Haurrak ikusten ez dituen mustruoak aurrez aurre jartzen dizkigu, diren bezelakoak agertuz.
Tartean Mr. Punch txontxongiloaren antzezlana ikusiko dugu. Zatika, beldurgarria baita protagonistarentzat. Helduen munduaren krudeltasunak biziko ditugu bitartean. Haurrarentzat ordea, Mr.Punch bere eskuin besoa bilatzen duen gizontxo ankerra eta zitala da, behin eta berriro beldurraren poderioz ihes eginaraziko diona. Helduen arteko harreman ilunek, arreba baten jaiotzak edo bere familiakoen heriotzek ordea ez dute urruntasun sentimentu bat besterik piztuko haurtxoaren bihotzean. Ilustrazioekin eraikitako komiki bat da, estatikoa. Narrazioaren indarra testuetan dago. Bi elementuen arteko intentsitatea galtzen da batzuetan. Testuak ahalbidetzen du narrazioa. Pixkanaka ilustrazio batetik bestera eramango zaitu. Erritmo falta nabarria da. Gora eta behera doa istorioa zati batzuetan. Haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko borroka.
21 euro! (ez du asko ematen eurotan, eh?).

hurrengoa

maus 2

Ez dut lehenengo zatia azalduko. Editoriala daukazue horretarako. Bigarren zatia lehendabizikoarekin batera dator. Mauspack beraz. Milesker? Art Spiegelmanen biografia da funtsean Maus. Bere bizitzaren joan-etorriek ordea, bere gurasoek, nazien garai ilunetan jasandakoak baldintzatuko dituzte. Bi hari, pixkanaka Art-en bizitza josteko. Estetika xamurrak narrazioaren bortizkeria estaltzen du batzuetan. Arratoitxo-juduek eta katutxo-naziek gerran gertatutakoa arrosa usainez lurrinduko balute bezala. Silvestrek 5 milioi Piolin gaseatuko balitu, Warnerren umore beltza irabaziko genuke behintzat. Pulitzerra irabazi zuen lehen komikia duzu.

hurrengoa

la mazmorra

Animaliatxo kabroi hauek beren artean borrokatzen direnean, mila konexio eragiten dizkiote gure buruari. Warnerren marrazkiak, printzeen eta printzesen ipuin txepelak, rol jokoak edo zinema estatubatuarraren topikoak. Trufa ugari egiten dizkiote ikonografia guzti horiei. Horrela, hainbat irudi etortzen zaizkigu burura, “Istoriotxo hauek irakurri ditut nonbait”. Deja vü-ak barra-barra.