bideojokuak i.a
hurrengoa

HALO, norbait dago?

(x-box)

Gizakia gizakia denetik guda ezagutu du. Gogorra izan arren, gure gizartearen aurrerakuntza gehienak guden ondoren (edo ondorioz) gauzatu dira, eta hau dela-eta gizarteak gudarekiko duen ikuspegia interesgarri eta interesatua agertzen da.
“Guda erdian gaudela, su etenak harritu egiten gaitu, geure monitoreetan agertzen den mezua ez da txantxetako gauza, arerioak gure barne instalazioetan sartu dira ikurrina eramateko ahaleginean. Hori jakin eta beraiek ikusi, dena bat da. Nere atzealdean dauden taldekideek ezin dute besterik egin, beren armek su egitean erdian harrapatzen naute, ni akabatuz.”
Ikurrina bat defendatzeko aitzakiarekin sei lagun hil dituzte. Trapu zikin bat defendatzeagatik hiltzeak merezi al du? Aitzakiak besterik ez...
“Guda zelaian nago. Nire taldekidea ontzi baten antzeko zerbaiten gainean igo eta laguntzeko eskatzen dit. Bera gidari doala, neuk laser kainoia erabili beharko dut. Espaziontziak gure gainetik pasa orduko ezkutalekutik irten eta arerioak jipoitzeko asmoz abiatu gara zelaian behera. Nire taldekidea gidari ona da, harik eta tiro batez akabatu duten arte. Gidaririk gabe galduta nago, hori pentsatu orduko, laser izpiek ontzia desegin dute.”
Zein ote da aitzakia, gudaren aitzakia? Hil ala bizi, hori da koxka.
“Talde gorriko arerioek gertu egon behar zuten. Laser izpien soinuak gero eta hurbilago entzuten nituen-eta. Ate bat igaro eta bi arerio bizkarretik akabatzeko aukera nuenean, granada bat bota eta, nahi gabe, bi horiez gainera nire taldeko beste bi akabatu nituen. Guda lazgarria da, baina digitala gehiago. Konturatu ez, eta leherketa baten ondoren berriz galdu genuela ohartu nintzen. Orduezkero, jipoi honen ondorioz, nire taldekoek amorru biziz begiratzen didate.”
Gudetan ez du inork irabazten, baina honetan talde gorrikoek ordu betean hamar alditan irabazi dute; besteek hiru alditan besterik ez. Zortzi X-Box paraleloan jarri eta lau pertsonatako bi talde osatu ondoren, berriz jokatzeko prest daude. Taldekide batek interneten jokatzeko aukera dagoela esan du, baina interneterako abiadura motela eta jokatzeko daukaten moduagatik esaten duena etorkizunean egiaztatu beharko dugu. Orain, guda hasi denez, beste taldearekin akabatzeko ideia besterik ez dute buruan.

hurrengoa

commandos 2

(pc, ps2, x-box?)

Bakearen alde lanean berriz ere, Pyro Studios-ek bere lehen zatiaren jarraipena aurkezten du. The Lost Vikings-en antzera eszenategi batean zure taldeko panpinen abilezien arabera bete beharko dituzu misioak. Pertsonaia berriak, misio berriak, joko berdina; baina diotenez, lehenengo atala baino zertxobait errazagoa.

hurrengoa

jak & daxter

(ps2)

PS One-ren Crash Bandicoot ezagutzen al duzue? Bere sortzaileek, aldi honetan (kargarik gabeko?) joko bat aurkezten digute. Euren esanetan, edonon jo dezakegu, eta nahi dugun moduan bukatu ahal izango dugu jokoa. Ez ezazue gehiegi espero, jokoak jostatzeko besterik ez dira; eta hamar edo hamar mila bide ezberdin izan arren, bukaera beti bukaera bat da.

hurrengoa

rez

(dreamcast)

Space Channel 5 sortzailearen azken erokeria hau izugarri gustatu zaigu. Ink Ribbon-en (PS One) antzera jokatzen dugun ahala, musika eta ingurua aldatzen joango da. Ez-originala lortzekotan, edukitzea merezi duen joko bat. Originala erostekotan, Shemmue 2 lortzen saiatuko ginateke.