hurrengoa
ERAZTUNEN jauna koldo almandoz   Ez. Ez da Marilyn Mansonek atzamarretan daramatzan eraztunen inguruko filma. Baina izan zitekeen. Kantariaren itxura para-anormala behiari uztaia bezain dotore datorkio-eta filmari. Ados, onartzen dut hitz joko hori ez dela beste munduko ezer, baina film hau halakoxea omen da. Bale, bale, akabo.
Tolkien-ek idatzitako istorio hau 1978. urtean eraman zuten zinemara lehen aldiz. Animazio honetan, aldez aurretik aktoreekin errodatutako irudien gainean milaka marrazki egin zituen makina bat marrazkilarik. Aretoetara iritsi den bigarren ahalegina Peter Jackson zuzendariaren egoskorkeriak bultzatu du. Zelanda Berrian errodatu du eta 160.000 eurotako aurrekontua izan du. Hiru atalak batera egin dira, aktore kopurua eta ekoizpen antolaketak ez zuelako beste aukerarik uzten. 1999. urtean hasi ziren eta bi urtez jardun dute lanean. Lehendabiziko atalak ez badu esperotako arrakasta lortzen, ondorengo biak saltzeko zer promozio trikimailu erabiliko duten ikustea interesgarria izango da. Aktoreen artean Liv Tyler, Cate Blanchet, Elijah Wood, Vigo Mortensen, Christopher Lee eta abar luze-luze bat. Musika James Horner-ena da, "Braveheart", "Aliens" edo "Titanic"en soinu bandaren egilearena.

Disney proiektu hau ekoizten askotan saiatu bada ere, Tolkien berak argi utzi zuen ez zuela bere mundua Mickey Mousen eskuetan utzi nahi. Proiektu ugari geratu izan da bertan behera, Peter Jackson-ek Weta Limited efektu berezietarako entrepresarekin topo egin zuen arte.
"Gaur egun arte ez zen existitzen istorio hau zinemara eramateko baliabiderik", esan du zuzendariak; "efektu berezi berriek soilik ager dezakete Tolkienen mundu magikoa". Non entzun izan dugu hori lehenago?
Amaitzeko ohar bat. Aditu tolkiniano batek esan duenez, "El seƱor de los anillos" ez da ezpata eta sorgin generoan sartu behar; indar izpiritual eta morala indar fisikoaren gainetik erabiltzen baitute Tolkienen heroiek. Beraz badakizue, nire freak txikitxoak, hauts magikoak bai, baina ez erabili eraztunen indarra rol jokoetara jolasteko eta autobus geltokietan dagoen jendea akabatzeko.

J.R.R. TOLKIEN
John Ronald Reuel Tolkien 1892. urtean jaio zen Hegoafrikako Bloefontein hirian. Lau urte zituela bere aita hil eta Ingalaterrara joan zen amarekin. Aldaketak ez zion mesede handirik egin John gaztearen amari, zortzi urte geroago hil baitzen.
Osaba baten etxean hezi eta unibertsitatean Hizkuntza eta Literatura ingelesa tituluak lortu zituen. Ezkondu eta berehala hasi zen Lehen Mundu Gerra. Tolkien Frantziako frontean borrokatu eta zauriturik itzuli zen etxera. Garai hartan hasi zen "The book of lost tales" idazten.
Haurtzaroan entzundako mito eta kondairen kontakizun hura izan zen zerrenda luze bateko estreinakoa. Aurrerantzean, ipar Europako herrialdeen legendetan oinarriturik, bere irudimen mundua osatzen joan zen.
"The Hobbit" eta "The lord of the rings" trilogiarekin lortu zuen arrakasta.
81 urterekin hil zen, hauxe idatzitata utzirik: "Egunen batean orbel eta goroldio izango naiz eta berriro bizitzen hasiko naiz".