• 1
  • 2
hurrengoa
tindersticks elkarrizketa/interview by: aritz branton   I  argazkia/shots by: steve gullick “Gauzen erdigunea, nondik dena ateratzen den, ez da nire lekua” abestu zuen Stuart Staplesek, Tindersticks taldearen abeslariak, 1993ko “City Sickness” (Hiriko gaixotasuna) abestian. Gaur arte ildo berean jarraitzen du taldeak, ia beste musikari guztien ildoetatik kanpo jarraitzen du Ingalaterrako talde honek. Taldea 1991n sortu zen, Nottinghamen, eta geroztik zortzi album plazaratu dituzte: azkena, aurten kaleratu dute, “Falling Down a Mountain” (mendi batetik erortzen). “Tindersticks” “abarrak” dira ingelesez, hots, egur bezala erabiltzen diren zuhaitz edo zuhaixka adarrak. Sute handiak adar txikiekin hasten dira. Taldearen izenaren esanahiak adieraz dezake melodia sinpleen bitartez abesti ederrak konposatzen direla. Estilo berezia du taldeak. Konposizioek liraintasuna, sentimenduak eta, noizean behin, ironia eta umorea dituzte ezaugarri. Tindersticksen doinu berezia azal daiteke instrumentazio, Staplesen ahots sakon eta eder, eta taldekideen gustu sofistikatuarekin. David Boulterrekin, teklatu-jolea eta taldearen konpositore batekin, hitz egin dugu. Aritz Branton: Atera berri duzue zortzigarren albuma, ehunka kontzertu egin dituzue, eta orain hiru taldekide berri dituzue. Baina oraindik ere bere betiko estilo berezia dauka taldeak.

David Boulter: Neurri handi batean Stuarten ahotsa eta parte hartzen dugun guztion jarreragatik da. Kontua ez da agertokian gaudenean jendea guri so egotea, ezta ospea lortzea ere, barnean dagoen eta atera behar dugun gauza bat baizik. Ez da erraza asmo hau bera daukan talde bat aurkitzea. Nerabezaroan, Stuart, Neil eta hiruok musikak elkartu gintuen eta oraindik elkarrekin gabiltza musikari esker.

AB: Nabaritzen da taldekide guztiek parte hartu dutela album berrian, “The Hungry Saw”n.

DB: Irekitasun gehiago eta sormen askeagoa ditugu orain lehen baino. “The Hungry Saw” biran abesti asko idatzi genituen, aldageletan eta ideiekin saiakuntzak egin genituen. Betiko Tindersticksen musika da, eta, aldi berean, espazioa badago etorkizunean mugitzeko.

AB: “Falling Down a Mountain” egitea erraza izan zen?

DB: Hasieran, bai. Abesti guztiak gure gustukoak ziren, baina, gero, guztiak elkartzea zaila izan zen, istorio baten bila gabiltzalako beti. 16-17 abesti genituen eta batzuk galdu behar genituen album on bat, hau da, osotasuna lortzeko. Zerbait ezberdina gertatzen ari da gure musikarekin une honetan, gure hurrengo urratsa zirraragarria eta interesgarria izango da. Gure lehenengo diskoa bezalakoa da, nahi duen bezala dabil, doinu ezberdin asko dauzka.

AB: Abestien aniztasuna nahita bilatzen duzue disko bakoitzean?

DB: Uste dut senezkoa dela. Hasieran, gure diskoak soinu bandak bezalakoak zirela esaten zen. Ez zen ahalegin kontziente bat, baina album bakoitzak istorio bat kontatzen zuen. Horregatik, ahotsik gabeko piezak dituzte baita duoak ere, ahots ezberdinak entzuteko. Guretzat, album bakoitza istorio bat da.

AB: “Waiting for the Moon” albumean, “My Oblivion”i, doinu malenkoniatsu bat duen abesti bati, “Just a Dog”ek jarraitzen dio. Bigarren abesti horrek, nahiz eta oso letra alairik ez izan, oso doinu alaia dauka.

DB: Stuartek pentsatzen zuen “My Oblivion” oso abesti berezia eta ederra zela eta, abesti horren ondoren, sentimenduak berehala aldatzeko beste abesti bat beharrezkoa zela. Horrela, abesti horiek irla txikiak dira diskoan. Azken diskoan, “The Other Side of the World” abestia bi ahotsik gabeko piezen artean dago, eta horrela arnasa hartzeko espaziorik dauka.

AB: Nola prestatzen dituzue abestiak, edo abestien ideiak, grabatu baino lehen?

DB: Ideiarik onenetako batzuk zehaztugabeak dira, eta, gero, lagunok erantzuna ematen diegu eta espero ez genuen zerbait ateratzen da, esaterako album berriaren lehenengo kanta, “Falling Down a Mountain”. Stuartek letrak, erritmo bat, doinu bat eta baxuaren melodia egiteko ideia batzuk zeuzkan, baina dena bi ordutan osatu zen. Zuzendu egin genuen pixka bat, ahots batzuk gehitu genituen, tronpeta ere bai, baina oinarrizko grabaketa oso azkar egin genuen.

AB: Abesti alai bat egitea, hutsala edo topikoa izan gabe, oso zaila da, baina Tindersticksek oso ondo lortzen du abesti batzuetan, esaterako, “Harmony around my Table”en.

DB: Oso abesti zalantzatia da, ia modu ezekor batean idatzi zen, baina oso jarrera baikorra dauka doinuan: gauzak ondo atera daitezela nahi duzu nahiz eta orain horrela izan daitekeela ez jakin. Dantzarazten gaituzten soul musikaren abesti asko oso tristeak dira, harremanen porroten buruzkoak dira, baina, aldi berean, erritmo berezi bat daukate eta oso sentimendu eder bat, non ondo sentiarazten gaituzten. Horregatik, besteak beste, soul musikak betidanik liluratzen gaitu. Hunkitzen gaitu, baina, aldi berean, badakigu mendeetan zeharko beltzek jasandako sufrimenduan oinarritzen da.

AB: “Txakurra naiz, besterik ez, gizon bat izateko ikasten dut. Txakurra naiz, besterik ez, ulertzen ez ditudan gauzak ikasten ditut.” Oraindik ikasten duzue musikarekin?

DB: Zalantzarik gabe. Urteetan zehar, musikari askorekin jo dugu, haien artean heziketa klasikoa jaso duten batzuk badaude, baina, kasu batzuetan, pertsona horiek ez dute sentimendu handirik sartzen musikan. Nota bakoitza jo dezakete, hori oso erraza zaie. Baina guri jarraitzeko animatzen gaitun gauza bat musikaren zailtasuna da, borrokatu egin behar dugu lortu nahi duguna lortzeko, pianoaren zati bat dela, abesti eder bat idaztea dela. Ez da erraza, eta horregatik jarraitzen dugu.