hurrengoa
detritus elkarrizketa/interview by: eneko etxeandia   Ezberdina zen Donostia XX. mendeko azken hamarkadaren hasieran. Egun porlanez gainezka dauden auzo berrietan eraikin abandonatuak aurki zitezkeen, xarmaz bustitako etxeak. Lurpeko izakiek berpiztutako txokoak. Han aurkitu genuen guk aterpea egun euritsuetan, eta han ikasi genuen bazegoela konbentzionalismo, kreditu eta alokairuetatik haratago, ametsak egi bihurtzeko bide bat. Unibertso hartan ezagutu nuen nik Detritus, sortzaile ilun, liluragarri eta bakartia. Nola hasi zen artearekin duzun harremana?

Nire oroitzapenek etxeko pasilloko pareta luzean baleak pintatzen nituen unera eramaten naute. Etxean beti zegoen boligrafoz betetako godaleta eta folio sorta bat. Ezinbestekoak bihurtu ziren niretzat. Beranduago, klasekide batek erakutsi zidan tinta beltzeko boligrafoekin marrazkiak gehiago hurbiltzen zirela errealitatera, eta ez dut eguneraino ohitura hori galdu. Gero, komikiak marrazten hasi nintzen errotulagailuekin. Ezagutza faltagatik, garrantzitsuegiak iruditzen zitzaizkidan pintzelaren eta oleoaren erabilera unibertsitatean, arte ederretan izan zen; bertan konturatu nintzen azalera batean pintura zabaltzeko beste modu bat besterik ez zela.

Egun, lan piktorikoak egiten dituzu nagusiki, baina iraganean afixak sortzen zenituen. Jarraitzen al duzu halakorik egiten?

Gizarte agitazio eta okupa mugimendura murgildu nintzenean hasi nintzen afixak egiten, eta hasera-haseratik izan da nire estiloaren berezitasuna; irudia eta hitza nahastu ditut betidanik. Nire existentziak beste bide batzuk hartu zituenean, nire pinturak mezuak aireratzen jarraitu zuen baina modu intimoagotan, Naturaren aurka. Ez paisaiaren kontra, egun euritsuetan hainbeste maite dudana, baizik eta ni naizen naturaren kontra, animalia izateagatik matiasun gabea, ugaztun triste izateaz lotsatuta. Tarteka lagun batek mobidaren batentzat afixaren bat eskatzen dit eta, gogoz ximelduta ez banago, gustora egiten dut.

Nola mugitzen duzu zure artea?

Borondatez bakarti bat naiz baina, aldi berean, besteen deiaren zain egoten naiz abandonaturik nagoela ez sentitzeko. Horrekin esan nahi dut ez ditudala expoak eta nire obra erakusteko aukerak bilatzen, baizik eta beste norbaitek egiten duela posible. Marjinalitatetik ateratzeko egiten ditudan saiakera urriak ezezko batean amaitzen dute eta EZ entzutea mingarria da.

Nondik datorkizu ispirazioa? Zein da iturria?

Inspiratuta egoten naiz uneoro, nire ispirazioa bizirik egoteak sortzen duen ezinegonetik datorrelako. Ispirazioa ez entzuten saiatzen naiz, baina inspirazioa batzuetan hain da indartsua koadro bat eskatzen didala. Ispirazioa ongi pasatzen dudanean, zerbaitek liluratzen nauenean edo tarte batez euforiak jota nagonean soilik eteten da. Pozik nagoenean guztiz paso egiten dut arteaz.

Zein dira eragin zaituzten sortzaileak?

Zenbaezinak dira, batzuez jabetzen gara baina beste batzuez ez gara kontziente izaten. Hauek lirateke, ordenean, nagusiak: metafisika kristaua, Marvel-eko superheroien komikiak, Freud eta surrealismoa, dandiak, estetak eta XIX. mendeko dekadenteak, expresionismoa, batez ere, E. Munch. E. M. Cioran pentsalari eta idazle errumaniarra. Azken hori handiena da, zeren, ezagutu nuen arte, imitatzen saiatzen nintzen gauza berriek erakartzen ninduten, baina ondoren, nire izaera, nire gogoa maisutasunez deskribatzen zuen tipo baten aurrean nengoen. Punk mugimendua batez ere rollo siniestroa.

Zergatik sortzen duzu? Beharra, plazerra, bokazioa…

Adierazteko beharra dudalako pintatzen dut, barneko mina hobeto jasaten da kontatzeko modua topatzen denean, eta, aldi berean, norbaitekin komunikatu nahi dut. Nire gogoari konpainia egingo dion zerbait ikusteko ere pintatzen dut; gizarte baikor honetan, edo itxura hori eman nahi duen gizartean, ez da desesperatuen mezua islatzen. Eta nire zorte txarrarekin astuna izan ordez, eta nire lanen gaiak ilunak izan arren, nire artearen edertasunak munduari ematen dionagatik maitatua izateko pintatzen dut.