• 1
  • 2
hurrengoa
sare sozialak vs pribatutasuna testua/text by: lorea bidegain   I  ilustrazioa/illustration by: txo!? Bizimodua gero eta zoroagoa dugun garai hauetan, sare sozialak oso eremu interesgarria dira lagunekin eta senitartekoekin informazioa partekatzeko. Aurrez aurre egon gabe, harremanetan egoteko modu eraginkorra dira. Teknologia berrien garapenari esker, interneterako konektibitatea nonahi aurki dezakegunez eta telefono mugikorrak ordenagailu txikiak bilakatzen ari direnez, sare sozialen bidezko harremana etengabekoa izan daiteke. Datu konexioa duen mugikor batekin edota USB modem batez lagundutako netbook batekin, edozein lekutatik informazioa eman eta eskuratzen ahal dugu gure lagun sarearekin. Baina eguzki argitan denak dauka itzal propio bat, alde ilun bat. Sare sozialen punturik ilunena pribatutasunaren galera da. Batetik, gure datuak nazioarteko enpresa erraldoien eskuetan jartzen ari garelako; kasu gehienetan, gainera, arreta jarri gabe sare sozialetan onartzen ditugun erabilpen baldintzei bertara igotzen ditugun edukientzat (informazioa, argazkiak, bideoak...). Bestetik, kontrolatzen zaila delako igoko ditugun edukiak gerora noren eskuetara iritsi daitezkeen eta nolako erabilpena izan dezaketen. Izan ere, hasieran bakarrik gure lagunek ikusten ahal dutena, gerora gehiago hedatzen ahal delako haien bidez. Eta lagunen lagunak... lagunak izan daitezke ala ez. Bestalde, eguneroko bizitzan errealitate ezberdinak izaten ditugu eta, horrekin batera, harreman talde ezberdinak: lankideak, koadrila, senideak, bizilagunak, kirol kideak... Eta normalena da horiek zure ezkontzan eta hiletetan baino ez elkartzea. Bueno, ba, orain hor eduki ditzakezu, denak batera, zure Facebook, Myspace edo bestelako sareetan. Akaso, arazorik handiena da jende asko sare sozialekin maiteminduta dagoela, itsututa, eta ezin duela alde ilun hori ikusi, edota ez duela ikusi nahi. Horrek dakar sare sozialen erabilpen axolagabea egitea, inondik inora neurtu gabe konpartitzen den informazio pertsonal guzti horrek eduki ditzakeen ondorioak. Eta hori, nolabait adierazteko, ezezagun batekin kondoirik gabe txortan egitea bezain arduragabea da.

pleaserobme.com
Azkenaldian, gero eta zabalduago daude interneteko lokalizazio-aplikazioak (Buzz, Foursquare...). Horien bidez, gure kokapen zehatza partekatzen ahal dugu sare sozialetako lagunekin, eta haiek mapa batean ikus dezakete non gauden momentu jakin horretan. Holandar hiruko honek Pleaserobme.com webgunea garatu zuen jende asko Twitterren egiten ari den lokalizazio aplikazio horien erabilpen arduragabea begibistan uzteko. Zure kokalekua ematen duzularik, non ez zauden ere esaten ari zara zeharka. Kasu askotan aditzera ematen ari zara ez zaudela etxean, eta hori primerako informazioa izan liteke lapurrentzat. Gainera, jende askok bere profiletan bere helbidea ematen duenez... zertarako gehiago!

www.pleaserobme.com