ernst haeckel: ikusten ez ziren bizidunak ikusi (eta marraztu) zituen lehen biziduna.
irudia
Atzera begira jarri behar izan dugu beste behin modernitatearen bila. Ia 200 urte bidaiatu dugu iraganera Ernst Heinrich Philipp August Haeckel (Postdam 1834 - Jena 1919) zientzialariarekin topo egiteko. Beste gauza askoren artean, biologoa, filosofoa, medikua, eta, berak marraztutako ilustrazio hauetan ikus dezakezuen moduan, artista zehatza eta talentu handikoa izan zen.

Txantxa dirudien arren, ugaltzen ari da mendebaldeko herrialde "zibilizatuetan" Darwin-en eboluzioaren teoria eztabaidatzen duten zientzialarien kopurua. Horrek gauza bi gauza frogatzen ditu. Batetik, gizakiaren pentsamendurako gaitasunak ez duela beti eboluzionatzen, inboluziorako joera ere baduela. Bestetik, unibertsitate titulu batek ez duela ezertarako balio. Makina bat dira zientzietako titulua izanik mundua Adan eta Evarekin hasi zela sinisten dutenak. Guri igual zaigu bakoitzak zer sinisten duen, baina, aukeran, eta "paranormal" samarrak garenez, nahiago dugu "ekologia" hitzaren asmatzaileak egin zituen marrazki hauek eskaintzen diguten munduan murgiltzea. Ernst Haeckel eboluzioaren jarraitzaile sutsua zen, aukera hura deserosoa eta erradikala zenean. Charles Darwinen teoriak Alemanian sartu zituen gizona izan zen, eta hark hasitako lanari jarraitu zion. Ikerketa ugari egin zuen, eta bere lanen artean garrantzitsuenetakoa 1866an argitaratu zen: Generelle Morphologie der Organismen. Darwinen eboluzioaren teorian, ezagunak eta begi bistan ikusi zitezkeen animaliak eta izakiak ziren nagusi. Haeckel-ek izaki txikiago eta ezezagunetara zabaldu zuen ikerketa. Izaki unizelularrak eta plurizelularrak bereizten lehena izan zen, eta marmokak, radiolarioak, sinoforoak eta bestelako izaki bizidunak deskubritu eta aztertu zituen. 1.000 espezietik gora deskubritu, izendatu eta marraztu zituen. Bere lanaren garrantzia eta kopurua izugarria da. Bidaia ugari egin zuen bere ikerketak burutzeko, eta lan zientifiko eta liburu ugari idatzi zituen. Eta ez soilik arlo biologikoan. Aipatu bezala, filosofiaz, gizarteaz eta politikaz ere idatzi zuen. Garaiko erromantizismoaren estetikarekin bat egiten zuen, baina bere idatziek ikuspuntu aurrerakoia eta ausarta erakusten dute. Bera izan zen "lehen mundu gerra" kontzeptua asmatu zuena, ordura arte "gerra handia" zena izendatzeko, beraz, bazuen geopolitikarako gaitasunik ere, izendapen horrekin bigarren bat izanen zela aurreratu baitzuen. Bere gaitasun liluragarrienetakoa, ordea, paperean islatzen zuen, baina ez hitzen bidez. Ehundaka grabatu egin zituen bere marrazkietan eta akuareletan oinarrituta. Horietako asko Kunstformen der Natur liburu ederrean bildu zituen. 200 urte igaro diren arren, azken aldian ezagutu dugun lanik garaikideena izanik, ez dugu the balden erakusteko aukera pasatzen utzi nahi izan.