• 1
  • 2
hurrengoa
archigram: arkitektura retrofuturista    60. hamarkadan arkitekturaren abangoardia izan zen Archigram aldizkaria. Londoneko sei arkitekto gazteek sortu eta bultzatu zuten (Warren Chalk, Peter Cook, Dennis Crompton, David Greene, Ron Herron eta Michael Webb); etorkizuneko arkitekturaren eta diseinuaren inguruko hausnarketa berritzaile eta probokatzaileez hornitu zituzten aldizkariaren orrialdeak. Lehenengo alean, David Greene-k poema batean izkiriaturik utzi zuen Archigram filofosfia:
Arkitektura belaunaldi berri bat argitu behar dugu forma eta espazio modernoari uko egingo diona modernoa izateari utzi gabe funtzionalismoari iraina den Bauhaus gainditu behar dugu altzari kiribil amaigabeak egingo ditugu, tamaina infinituko puxikak puztuko ditugu, plastikozko forma berriak asmatuko ditugu, laugarren zubiko adreiluei ez zaie batere axola...

Archigram aldizkariaren lehen zenbakia 1961ean atera zen. Paper merkean argitaratua, Green-en poemaz eta Cook, Webb eta beste lagun batzuen proiektu arkitektonikoen marrazkiz osatuta kaleratu zen. Aldaketa politiko eta sozialen garaia zen. Foucault, Barthes, Lévi-Strauss intelektualen garaia zen, Godard, Truffaut eta Felliniren zineak argitzen zituen pantailak, eta alor zientifiko eta teknologikoan aurrerapauso handiak ematen ari ziren. Gagarin kosmonauta espaziora atera zen lehen gizasemearen garaia, sateliteak orbitan zebiltzan, fotokopiagailua asmatu zen, pilula antisorgailua ere bai... Gerra osteko birsortze lanak amaituta, gizarte aberats eta asetu batean bizi ziren. Eta, ondorioz, honela zioen Cook-ek: "Ingalaterrako arkitektura Europan egiten denari bizkarra emanda bizi den arkitektura ahul eta potrorik gabea da. Moderno etiketa jarri bai, baina modernitate horren filosofia traizionatzen duen arkitektura egiten dugu". Aldizkariaren lehen zenbaki hark Ingalaterrako arkitekturaren izaera kontserbadorearen aurrean frustrazioa erakusten zuen nagusiki.
Lehen aldizkariaren 300 ale saldu ziren arkitektura ikasleen eta estudioetako langileen artean. Arkitektura irakasleek eta adituek ez zioten jaramonik egin argitalpenari. Urtebetera, 2. zenbakia kaleratu zuten, eduki landuagoekin eta paper hobearekin. Urte hartan, Yves Saint Laurent-ek bere Parisko moda etxea ireki zuen, The Beatles-ek “Love Me Do” kantua kaleratu zuten eta Bob Dylan- ek bere lehen diskoa argitaratu zuen. Ozeanoaren beste aldean, Warhol, Lichtenstein eta Olderburg-ek erakusketa bat zabaldu zuten The new realists izenpean. Archigram-eko arkitekto gazteek Londoneko Contemporary Arts institutuan erakusketa bat prestatzeko gonbitea jaso zuten. 1963an ireki zen Living City erakusketa; hiria organismo bakar eta bizia zela aldarrikatu zuten bertan. Ikasle xelebre batzuen proposamena zena, bat batean, irakasleen eta adituen interesa piztu zuen, eta Archigram aldizkaria erreferentzia bihurtzen hasi zen.

Aldizkariaren izpiritua guztiz baikorra zen. Partaideek iraganari begira bizi zen arkitekturari uko egitea erabaki zuten. Zentzu horretan, futuristen ondorengoak ziren. Aurrerapen teknologikoen abantailek gizarte zoriontsuago bat eraikiko zutela sinesten zuten. Ikuspegi horri umore ingelesa gehitzen zioten. Archigramek arkitektura zirikatzailea aldarrikatu zuen beti. Horregatik, iraganeko elementu ugari hartzen zituzten euren lan eta proposamenetan, arkitektura modernoenean txertatzeko. Altzairuari, porlanari eta kristalari elementu victorianoak gehitzen zizkioten modu ironikoan. Hain zuzen ere jolas horrek ematen die Archigram arkitektuen proposamenei hain propioa zaien ukitu retrofuturista. 60. hamarkadaren amaieran, milaka ale saltzen zituzten, eta Isozaki, Hollein, Otto eta beste hainbat arkitekto ezagunen idatziak jasotzen zituen aldizkariak. 1969an, Monte Carlon, aisialdi zentru bat eraikitzeko lehiaketa irabazi zuten. Mediterraneoaren hondoan kupula erraldoi bat eraikitzeko asmoa zuten, zeinean elementu guztiak mugikorrak izango ziren: eserlekuak, argiak, komunak...Espazio eta erabilpen infinituak ahalbidetzea zen helburua. Ez zen sekula eraiki, ordea. Diru arazoek bertan behera utzi zuten proiektua, eta ordura arteko teknokraten aldarrikapen baikorra iluntzen hasi zen. Vietnamgo gudak eta Ipar Irlandako egoeraren okertzeak teknologiaren aurrerapenen beste aurpegia erakusten zuten. Archigram-eko partaideen artean ere desadostasunak hasi ziren. 1974an banatu egin zen taldea, eta nork bere bideari ekin zion. Archigram urbanismoa eta arkitektura aztertu dituen azken mugimendu pobokatzaile eta apurtzailea izan zen. Hala ere, hiru proiektu besterik ez zituen gauzatu: Milton Keynes haur parkea, Londoneko Commonwealth institutua eta Rod Stewart kantariaren enkarguz egin zuten igerilekua. Archigram aldizkariko lehen zenbaki hartan aipatzen zuten Ingalaterrako arkitektura kontserbadorearen ausardia faltaren biktimak izan ziren.