hurrengoa
syd barrett aritz branton   Pink Floydek “Wish you were here” bere omenez plazaratu zuen. Bowiek bere “See Emily Play” eta “Arnold Layne” abestiak grabatu zituen. Baina, hainbat musikariri bezala, Barrett abeslari, gitarra-jotzaile eta konpositoreari ustezko istorio erromantiko bat dagokio.
Pink Floyd sortu zuen eta, 1968 arte, taldea Londonen Undergroundeko talderik abangoardistarena zen. Orduan, drogez jota, lekua utzi zion David Gilmouri. Bere kabuz bi disko
egin zituen. 1971n, erotuta, Londonetik atera, sorterrira, Cambridgera, itzuli, amaren etxean sartu eta han bertan hil zen 2006an. Beraz, istorioa ez da batere erromantikoa: bere sufrimendua eta maite zutenen larritasuna islatzen ditu. Guztiontzat, talentu handi bat goizegi galdu zen. Baina, kulturazaleak garelako, Barretten legenda tristea baino bere musika axola zaigu. Ziur aski legenda beltzagatik berriro ere, sarritan pentsatzen da Barretten musika osoa psikoldelikoa zela; drogak, fantasia eta gitarra elkartzen diren abesti zaratatsuak. Egia da Barrett oso gitarra- jotzaile sormenezko eta berritzailea zela, eta Pink Floydekin egin zuen musika asko horrelakoa izan zen, baina, tamalez, musika estilo horretatik gutxi grabatu zuten. Taldearekin grabatu zuen disko bakarrean, “Piper at the Gates of Dawn”en, abesti gehienak pop kutsukoak dira, hiru salbuespen handi hauekin: “Astronomy Domine”, “Lucifer Sam” eta “Interstellar Overdrive”. Garaiko lekukoen arabera, taldearen kontzertuak ildo horretan zebiltzan. Antza denez, Londonen arrakasta handia zuen Pink Floydek musika abangoardista honekin eta, Londonetik kanpo, publikoak, taldea gorrotatzen zuen. Berriro ere, eta zalantzarik gabe legenda ditxosoagatik, oro har sinesten da Barretten lan onena amaitu zela taldeari utzi egin zionean. Baina errealitatea oso ezberdina da. Bakarrik egin zituen bi albumak zoragarriak dira.
Lehenengoa, “The Madcap Laughs” (”Erotxoak barre egiten du”) taldekide ohi Roger Waters eta David Gilmourek produzitu zuten. Bigarrena, “Barrett”, David Gilmour eta taldekide ohi Rick Wrightek. Antza denez, Barretten egoera psikologikoagatik grabaketak oso zailak ziren. Abesti batzuetan, musikariek oinarri musikala grabatu zuten eta, gero, Barrettek gitarra eta ahotsa gehitu zion. Gehienetan, Barrettek grabatu zuen eta gero beste musikariek egin zezaketena egin zuten. Kasu bakar batean talde osoak grabaketa egin zuen aldi berean, “Gigolo Aunt” (”Izeba gigolo”) abestian. Hala eta guztiz ere, disko ederrak dira. Melodiak eta instrumentazioa hurbiltzen eta inguratzen
zaizkigu. Doinu gehienak epelak eta goxoak dira. Ahotsa xarmagarria da. “Dominos” abestiaren gitarra solo aldrebesa izugarri polita da eta, antza, lehenengo hartzean asmatu zuen. Letra batzuek sinpleak ematen dute, eta gero surrealistak bihurtzen dira. Beste asko zuzenean surrealistak dira. Nolabait, bi disko hauekin Barrett ezagutzen dugula pentsa dezakegu, nahiz eta, ziur aski, osotasunean inork ez zuen ondo ezagutu.
Gaur egun ere, “The Madcap Laughs” eta “Barrett” entzun ditzakegu plazer handiz.