remix it again
The Cherry Boppers
Lan berri bat argitaratzen duen bakoitzean hazi egiten da Cherry Boppers. Buenafuenteren saioan egotea nahiko ez, eta munduko dj eta ekoizle esanguratsuenak bildu dituzte disko berria osatzeko. Nahasketa lan honetan All Good Funk Alliance, Lack Of Afro, R de Rumba, DJ Floro, Fundación Tony Manero, Watch Tv eta Makalak parte hartu dute. Funk, rumba eta elektronikaz betetako festa amaigabea.
this is happening
Lcd Soundsystem
James Murphyk Michael Jacksonek dantzalekuan
utzitako lekua bete du. Energiaz betetako lan indartsua da This is Happening; dance, punk eta funk doinuak nahasten ditu. Aurreko lanetatik aldendu gabe dator eta lehen diskoko energia nabari daiteke (“Tribulations” bezalako kantuena). Drunk Girls aurkezpen single-arekin gelditzen gara, garagardoa airera bota eta euri alkoholikoan dantza eginez.
vamos a comer
Makala
Lan gastronomikoa argitaratu du Makalak. Latin, ska
nahiz boogaloo doinuak bildu ditu lau abestik osatutako zazpi hatzbeteko biniloan. Txarly Brownek egin dion euskarri ikusgarriak disko eramangarri bihurtu du, gainera. “Ska con Boogaloo”, “Meneito Magistral” edo “Vamos a Comer” abestiak europako dantzalekuak astintzen ari dira. Euskal Herriko elkarte gastronomiko guztietan ere entzun beharko lirateke.
Maison # 9
Kitsune
Club eszenan ezinbesteko erreferentzia bilakatu dira bilduma hauek. Batez ere, indie eta elektronika eszenan. Parisko labela daraman ekimenak Jamaica, Crooners eta Yelle-n abesti berrienak aurkezten dizkigu 18 kantuk osatutako lan honetan. Etorkizuneko doinuak dira hauek, eta Europako areto eta jaialdi cool-enetan entzun daitezke. Topikoetan erori gabe, elektronikaren eszena berriaren bultzatzaile nagusi bilakatu dira bilduma hauek.
Movements 3
askoren artean
Municheko dj eta ekoizle den Tobias Kirmayer-en diskoetxea da Tramp records. 60 eta 70eko vintage soinua duten jazz, funk eta soul abestiak berreskuratzen dabil azkeneko urteetan, eta, horretarako, hemen aurkezten digun Movements bezalako ekimenak sortzen ditu. Diskoa bitxia da berez; eta Ernesto Cardenal-en “Grito Pidiendo” bezalako abestiek leku pribilegiatua merezi dute bildumazaleen apaletan.
Subiza
Delorean
Deloreanek lehen diskoa argitaratu zuenean, kontzertu bat antolatu nien Oñatin. Ez zen inor gerturatu. Lau katu egon ginen kontzertuaz gozatzen eta haien doinuekin dantzan. Nola aldatu diren gauzak! Estatu Batuetako eszenan indartsu sartu dira, eta gure herrietan nekez ikusi ahal izango ditugu berriz, AEBetako hirietan jendez betetako kontzertuak eskaintzen dihardutelako. Kantu berriek dantzalekurako pop argitsua dakarte.