hurrengoa
digitala: etorkizuna orainaldi bihurtuta    Pasa den mendeko azken iraultza globala teknologia digitalaren eskutik heldu zen. "Mekanika" eta "elektronika" kontzeptuek iraganekoak dirudite. Digitala da etorkizuna. Etorkizuna? Tonto-tonto badira 20 urte teknologia digitala gizartean (gizarte "zibilizatutzat" ditugun horietan, behintzat) zabaldu zela. Bere burua garatzeko gaitasun eta abiadura izugarria erakusten duenez, teknologia digitala beti gu baino aurreratuago dagoela iruditzen zaigu, baina, esan bezala, bada urte mordoa digitala orainaldian txertatua dagoela. Artean ikus daiteke modu garbian aipatutako guzti hori.


80eko hamarkadan "aurreratu" batzuk erabiltzen bazuten ere, 90ekoa izan zen digitalak artea inbaditu zueneko hamarkada. Mark Tribek eta Alexander Gallowayk Rhizome gunea sortu zuten, internetek eskaintzen zituen sormen aukerak ikusita. On-line gune horizontal, underground eta adar ugariko honetan, teknologia berriak sorkuntza lanen tresna, euskarri eta erakusle gisa erabiltzen zituzten artistak biltzen hasi ziren. Teknologia digitalak arteari ekarri zion iraultza industrialak bere garaian ekarri zuen eztanda bera. Erreferentziak aldatu egin dira. Artistek asmatzeari ekiten diote berriro. Makinen jabe bihurtzen hasi dira eta makina horiek eraldatu, garatu eta makinen erabilera helburuak ere aldatu dituzte. Teknologia honek mugak hausteko erraztasun itzela ematen du, eta artistek muga horiek gainditzea bihurtzen dute erronka nagusi. Batzuetan kontraesanean erorita: eskulangintza prozesuak pantaila baten menpe jarri dira, baina, askotan, eskulangintza horren kopia egiten saiatzea da teknologia digitalaren helburua. Zinemak, adibidez, benetazkoak diruditen ile adatsak, belar printzak eta ur tantak ordenadorean sortzeko beharra izaten du, originala eskura izan arren.

Mende berriaren hasierarekin, museo handiek arte digitalari jaramon egiten hasi zitzaizkion. Underground izaeraz sortu zen Rhizome plataforma profesionalizatu egin zen, eta New York New Museum-en barneratu zen; MOMA, Tate, Pompidou eta Guggenheim klasikoagoak ere net.art-a zabaltzeko proiektuak bideratzen hasi ziren, eta apurka new media art artelanak erosten hasi ziren euren bildumetarako. Artisten artean ere ez da iraultza hau modu berean ulertu. Askok oraindik ez dute barneratu teknologia digitalek artelan, kopia eta egile eskubide kontzeptuen esanahia aldatu egin dutela. Ez hori bakarrik, artea erakusteko, kontsumitzeko eta jasotzeko modua ere aldatu egin da. Eta aldatzen dihardu. Hori da hain zuzen ere teknologia digitalek arteari ekarri dioten ezaugarri nagusietako bat: mutaziorako gaitasun amaitezina. Erronka berriei ere eutsi behar zaie, ordea. Eta ez dira erronka makalak. Iraultza digitala askea eta mugagabea dirudien arren, inoiz baino hauskorragoa delako. Bere hizkuntza propioa galdu gabe, esperimentaziorako gaitasuna eta teknologiaren jabeen aurrean subertsiboa eta demokratikoa izaten jarraitzeko modu berriak bilatzea ez delako batere erraza.

Onedozero. Ikus-entzunezko digitalak Onedotzero (batpuntuzero) ikus-entzunezko garaikideeak nondik nora doazen ikertzeko sortu zen. Baina "onedotzerotarrek" berehala erakutsi zuten hausnarketaz gain ariketa zaleak zirela. Burubelarri hasi ziren sorkuntza lanetan, eta erakundea laborategi handi eta deslokalizatu bihurtu zen. Artelan digital berritzaile orok du tokia Onedotzeron. Sareak berehala eman zion zabalkunde globala egitasmoari. Arrakasta horri jarraituz, berehala hasi ziren liburuen eta DVDen argitalpenak, munduko hainbat hiritan antolaturiko jaialdiak, lan berrien ekoizpenak, telebistarako eginiko proposamen berritzaileak, eta abar luze bat. Onedotzero aukeratu dugu, azken 15 urteotan sorkuntza digitalak izan duen garapena eta norabidea ikusteko gune egokia delako, eta sarean, klik pare batekin, zure pantailan izan dezakezulako.

www.rhizome.org
www.onedotzero.com
www.amoda.org