hurrengoa
adi! ranxerox kalera itzuli da txo!?   Kokoteraino zaude gizarte honetaz? Horren politikoki zuzena da non politikoki zuzenak ez direnak irrati tertulianoak diren? Lasai, bueltan da Ranxerox, inoiz egon den antiheroi bortitz eta desegokiena. Horiek, hala ere, dituen merezimenduetako gutxi batzuk baino ez dira; Europan izan zen lehenbiziko Cyberpunk erreferentzia, ironiaz beteriko gidoia, istorio dibertigarria eta, batzuek kontrakoa esaten duten arren, gizartea, politika eta ekonomiari kritika zorrotza. Ranxerox bueltan da, La Cupula argitaletxeak bere istorio guztiak bilduma batean ekartzen dizkigulako. Ranx, La Cupulak argitaratzen zuen El Vibora aldizkaria mitikoan ezagutu genuen
lehenengoz. El Vibora joana da, baina harekin batera sortu zen argitaletxeak jarraitu du komiki interesgarriak kaleratzen, besteak beste, Ranxeroxen istorioak. Ranx 1978ko Erroman jaio zen Stefano Tamburini idazle eta marrazkilariaren eskutik, borborka zegoen gizarte baten isla futurista eta istrioniko gisa. Tamburinik sortutako Cannibale komiki aldizkarian agertu zen lehenengoz. Tamburinik berak eta Andrea Pazienziak marraztua izan ostean, Tanino Liberatoreren eskuetan erori zen, eta haren marrazkiak eman zion historian sartzeko behar zuen ukitua. Liberatoreren marrazkiak zuzenean harrapatzen zaitu. Errotuladorez egindako marrazki hiperrrealista izanik, izaera oso berezia du, eta ezin apoposagoa da Tamburinik sortzen zituen giroak eta istorioak islatzeko: jendez betetako urbe futuristak, gorputz gihartsuak eta ageriko biolentzia, besteak beste. Komiki paperatik kanpo ere arazo legalak izan zituen Ranxerox-ek. Fotokopiagailu baten piezekin egindako ziborg bat izanik, Rank Xerox izena eman zioten, baina fotokopiagailuak egiten zituen Rank Xerox korporazioak izena aldarazi zion Tamburiniri. Komiki pertsonai hura ez omen zen oso irudi ona beren enpresentzako. Legez kanpoko ikasle aktibista batek unibertsitateko fotokopiagailua probesten du Ranxerox sortzeko. Ikaslea goiz hiltzen du poliziak eta Ranx bakarrik geratzen da kaleetan. Drogaz eta ustelkeriaz betetako kaleak. Bertan ezaguguko du Lubna, pertsonaiarik desegokiena. Nerabe izatera heldu gabe ere, droga eta sexu zale amorratua da eta Ranx jostailu sexuala balitz erabiltzen du. Perstonaiaren izaera? Esan dezagun bikote horretan Ranx ederra dela eta Lubna piztia. Hala ere ez da nabarmentzen inguruan duen gizartean. Kortatu taldeak eman zigun aditzera Tamburiniren heriotza egileaz eta pertsonaiaz hitzegiten zuen "Nivel 30" abestian. Gaindosiaz hil omen zen Tamburini 31 urterekin, Ranxeroxen azkeneko istorioa erdixka utzirik. Liberatoreren laguna zen Alain Chabatek hartu zuen erreleboa eta Liberatorerekin batera bukatuko zuen azkeneko istorio hau.