hurrengoa
itsaso mina marcelo diaz   I  marcelo diaz maite zaitudala esateko uretaratu naiz... Donostiako badia, Santa Klara irlako arrezifea pasa eta argazkiotan azaltzen den haurretako batek, ur azpiko betaurrekoak jantzita zera esan zidan:

“Hemen azpian dagoen hau oso handia da!”

Zertaz ari garen ulertzeko azalpen batzuk emango dizkizuet. Stand up paddle eskola batetan irakaslea naiz eta nire motibazio nagusia sup (ez surf) klaseak emanaz surf-ak eramaten ez zaituen tokietara iristea da. Jende klase oro, eta nagusiki urruti egoteagatik edo zailtasun bereziak izateagatik uretan murgiltzeko arazoak dituztenei aukera bat eskaintzea da. hori da hain zuzen ere gure eskolaren asmoa. Arrazoi horrexegatik, 2009. urtean Oporrak Bakean programaren barne, Gondolin Gipuzkoaren egitasmo nagusia, haur saharauiarrei s.u.p erakutsi eta haiekin uretan jolastea izan zen. Eta badian entzundako esaldira itzultzen gara. Uretako betaurrekoak konpartitzen ari garen unera. Betaurreko pare bakarra dugu eta haur eta irakasleak elkarri pasatzen dizkiote. Saharatik etorritako monitoreak, “Butalja”, ez da burua ur azpian sartzen ausartzen. Nagusia da (30 urte bete ditu desertuan, Saharako errefuxatu guneetan), eta beranduago uhertzean esango digun moduan: “niri eta nire anaiei ez zaigu itsasoa gustatzen...”. Ozeano Atlantikora ematen duen Saharauiarren lur sailaren okupazioak ez du soilik beste herrialde batzuk euren kostalde eta itsas aberstasunak hustiatzeko balio izan. Herri oso baten erresistentzia izan arren, denboraren iraganak, sustraien galera suposatu du askorentzat.

Hauxe da euren egoera gogor, oker eta zitala. Hauxe da askorentzat urarekin sortu daitekeen distantzia erraldoia. Irudikatu egun batetik bestera ezin duzula “zure hondartzara” jaitsi. Norbaiti zure lurraldea okupatu eta zu bertatik betirako botatzea otu zaiolako. Eta nazioarteko hainbat herrialde zure alde azaltzen bada ere, zu, bizirauteko munduko deserturik gogorrenetako baten erdian jarraitzen duzu errefuxatuta. Eta apurka, nahiz eta oroitzen saiatu, itsasoaren usaina ahazten joaten zaizu; oroimenetik itsasoko olatuen soinua ezabatzen joaten zaizu. Lerro hauek irakurtzen dituzun bitartean ehundaka familia, dozenaka elkarte eta udaletxe sorta bat prestatzen ari dira berriro “gure haurrak” jasotzeko. Gu ere, zain gaude haurrak noiz etorriko diren berriro itsasora hurbiltzeko. Ez dugu hau entzun nahi: “zein polita den Europa, hemen geratu nahi dut”, baizik eta pilak kargatu ditzaten, indarrak hartu eta egunen batean, Atlantikoko kostaldeko euren lurraldea
berreskuratzen dutenean gu izan gaitezen haiek bisitatzera doazenak. eta bertan, “euren hondartzan” festa handi bat egin, Getarian antolatzen dugun EUSKAL JAIMAK bezalakoa.