diane arbus: aberrazioak badu talenturik maga salati
irudia
Zer da normala? Zer ez? Zer, zein, jo daiteke munstrotzat? Eta zein ez? Non daude mugak? Nork, non, noiz ezarri zituen parametroak? Diane Arbus-en testuinguruan “normal” edo “munstro” hitzek ez dute zentzurik. Izan ere, berak ez zuen bereizketarik egiten, ezta kontzesiorik ere. “Arbusi kamera bat ematea haurtxo bati eskuko granada bat uztea bezala da” esan zuen Norman Mailerrek. Esaldi potentea, eta argia. Garbi deskribatzen du emakume honen egiteko modua. Egia da, dezente idatzi da eta maiz hitz egin da Arbusen argazkigintzari buruz, baina, hasieran, dokumentazioari jaramon handirik egin ez eta haren irudiei begiratu bat ematea litzateke gomendioa. Konplexutasun psikologikoa gordetzen duen esperientzia larria da, handia. Inor zigorrik gabe utziko ez duena. Bere obrak bihozberatasun itzela isurtzen du. Arts aldizkariko Marion Magid kazetariak idatzi zuen legez, “behin Arbusen obrari begiratuz gero, eta begirada desbideratu ez badugu, inplikatuta gaude”. Hala da, erremediorik gabe.

Gertrude Steinek Picassori ohartarazi omen zionez, “hasiera batean, arte guztia haserregarria da, publikoak onartzen duen arte”. Arbusi gizarteak “marjinal” gisa sailkatutako pertsonak interesatzen zitzaizkion: gaixo mentalak, bikiak, erraldoiak, nanoak, trabestiak, zirkuko fenomenoak, nudistak, prostitutak... Ziur zegoen, etorkizunean, “eszentrikoen argazkilaria” bezala gogoratuko zutela. Eta ziurtasun horrek gaitzondoa sorrarazten zion. Izan ere, haren aburuz, ateratzen zituen erretratuek guztiok barnean daramatzagun esperientzia sekretuak iradokitzen zituzten. Gauza bakar bat egin nahi zuen: beren historiagatik edo aurpegiarengatik interesgarriak iruditzen zitzaizkion pertsonen erretratua egin. Eta lagun horiek kontatzen zizkiotenak estasiak jota uzten zuten, ez bakarrik ematen ziotenagatik, baita bere pertsonari kentzen ziotenagatik ere. Hitz egiten hasten zirenean, banatzen zituzten hesiak –arrazak, adinak, itxaropenak edo erokeria desagertzen ziren. Intimitate sakonena zirikatzen zuen, eta hau bortxatu ez, baina santutzeko gai zen azkenean. Bazegoen bera eta fotografiatzen zituen lagunen arteko lotura pribatua: sekretu trukea. Zerbait sekretu bilakatzeak zerbait horri balio handiagoa ematea zekarren. Sekretismoak misterioa eta sakratuarekiko fedea pizten zituen, eta baita, esate baterako, nanoaren eta erraldoi juduaren arteko konexioak eta pertzepzioak lagundu ere. “Ez dut nire bizitza arriskatzen, baina bai nire ospea eta bertutea... nahiz eta gehiegi gelditzen ez zaidan –barreak–. Guztiok sufritzen dugu pertsona bakarra izateak suposatzen duen muga”, esan zuen behin.

Diane Arbus

(New York 1923ko martxoak 14 - Greenwich (NY) 1971ko uztailak 26) 1930eko hamarkadako New Yorkeko ingurune aberats, babestu eta isolatu batean hazi zen. Manhattango eskola progresista hoberenetan ikasi zuen eta, 1941ean, 18 urte zituela, ezkondu zen. Hogei urte inguru zituenean hartu zuen bere estreinako kamera, senarrak armadan argazkigintza ikasten zuelako. 1945ean jaio zen bere lehenengo alaba. 1946an, eta modan inolako interesik ez bazuen ere, modako argazkigintza estudio bat ireki zuen senarrarekin. 1957an moda utzi, eta bere egiteko modu partikularrari ekin zion. Erretratuak egitea ogibide bilakatzen saiatu zen 1958an, eta horretarako, gizartearen bazterrean ezohiko bizimoduak zeramatzaten lagunak aukeratu zituen. Bere lana New Yorkeko MOMAko (Museum of Modern Art) mostra erraldoi batean izan zen ikusgai, eta Veneziako Bienalean ere goraipatu zuten. 1971ko udan izan zen hori, bere buruaz beste egin eta
hilabete batzuk beranduago.