paperpapers

barcelona low coast

anibal mendoza and martin tognola

Bartzelonako pisu batean bizi diren hiru pertsonen gorabeherak kontatzen zaizkigu, hainbat ataletan banatuta. Gizartearen gehiengo handi baten egunerokotasuna kontatzen du: 30 urte pasatxo, ikasketak aspaldi amaituta baina lan dezente bati heldu ezinik bizi den jendearena. XXI. mendeko neoerrealismo kutsua du, baina usain politikorik edo ideologikorik gabea. Barcelona Low Cost-en umore gaiztoa, maitasunaren tira-birak eta hilabete amaierara iristeko egin behar diren txiribuelten narrazio entretenigarriak eskaintzen zaizkigu.

ospitalekoak

mikel antza

Liburua ireki eta irakurtzeari ekin diodan bakoitzean, nire burua kalean ala berriz ere Martutenen nuela egiaztatu behar izan dut. Mikel Antzak espetxearen absurdoa eta iluntasuna giza-harremanen handitasunarekin uztartu, eta narrazio bikain batean bildu du, laguntasuna, umore beltza, maitasuna, zalantzak, egiak eta errealitate gordina batuz. Espetxea sistema kriminal bat da, gure baitan bestelako barne-espetxeak sortzeko gaitasun ikaragarria duena. Horregatik, elbarritasun animikoa eta ezintasun fisikoa gainditze aldera, idazkiaren terapiari atxikitu zaio idazlea. Baita bikain atxikitu ere, hastapenaren erritmo geldoari hizkuntza aberats eta bizia jarraitzen zaio-eta. Gozarazteko eta pentsarazteko liburua.

maletas perdidas

adria punti

Gabriel kamioi gidaria da. 60eko hamarkadan Europan barna makina bat kilometro egindakoa da. Kilometroak eta semeak. Lau ditu. Bakoitza emakume batekin eta herrialde ezberdin batean. Lau seme horiek elkarren berri dutenean eta aitaren bizitza deskubritzeko elkartzen direnean hasten da narrazioa. Puntik guztiei ematen die ahotsa, eta maisuki egiten du salto batetik bestera (ez soilik lau anaiena, lankideena eta maitaleena ere azaltzen da). Narrazioak aurrera egin ahala, Gabriel kamioilariaren bizitza deskubrituz joango gara. Adria Punti-ren eleberri hau opari bat da irakurlearentzat.

other lives

peter bagge

Peter Bagge komikilariak Hate bildumari zor dio bere fama. Hala ere, tarteka, beste komiki bilduma batzuk eta esperimentuak egiten ditu. Azkena, Other Lives izenekoa. Gurera berandu samar iritsi da ¨second life¨ fenomenoaren aitzakian gutariko bakoitzak ezkutatzen dituen nortasun ezberdinak aztertzen dituen komiki hau. Hala ere, beti merezi du Bagge-k eskaintzen diguna: umore garratza, zauriak irekitzeko moduko hausnarketa politikoak, eta hasieratik amaieraraino begiak binetetan pega-pega eginda izango ditugulako bermea.