tintaren mintzoa
irudia
Andereak, jaunak, zaharrak eta gazteak... inguratu beldurrik gabe.
Sar zaitezte, eta deskubritu gizon ilustratuak bere azalean ezkutatzen dituen abenturak...


Gazte gaztetatik, ozeano handira abiatu nintzen baleak arrantzatzera. Iaioa nintzen arpoi handiarekin baleak harrapatzen eta orratz txikiarekin beste marinelei tatuajeak egiten.


Arpoiaz, liburuetan azaltzen zen bale zuri bat harrapatu nuen. Balea labanaz irekitzean, sabelean mezu bat gordetzen zuen botila topatu nuen. Mezua irakurtzen hasi nintzen, baina une hartan...


Itsasoan ondoratzen nintzen bitartean, kraken baten tentakuluak barkua txikitzen ikusteko aukera izan nuen. Gero, hutsunea iritsi zen.


Uharte bakarti bateko hondartza batean esnatu nintzen. Uhartea, ordea, ez zen hain bakartia. Basati batzuk azaldu ziren ni harrapatu eta jan nahian, eta ohianean barrena ihes egin nuen. Palmera artean, itxura beldurgarria zuen kobazulo bat topatu nuen, eta han ezkutatu nintzen. Kobazuloa sakona zen, eta sakontasun haren beste aldean argi bat ikusi nuen.


Argirantz abiatu nintzen. Iristean, teatroetan izaten diren teloi horietako bat gurutzatu nuen, eta, bat batean, zirku honetan azaldu nintzen. Orduz geroztik, hemen bizi naiz, azalean tatuaturik dudan nire patuaren istorioa kontatzen. Nire emaztea nola ezagutu nuen jakiteko beste egun batean etorri beharko duzue...