hurrengoa
borderline bat Korean uxeta labrit   I  uxeta labrit Hego Koreako zine jaialdi batek gonbidatzen zaitunean eta hegazkinerako txartel bat bidaltzen dizunean, bi aukera dituzu soilik. Bata joatea da, eta bestea... joatea. Bidaia hasi bezain pronto, gauza bakarra nuen buruan: bi Koreak banatzen dituen muga bisitatzea. Ondorengo hau 38. paralerora eginiko txangoaren kronika da. Iparraldera naraman autobusean jabetzen naiz, erdi lo egon arren, Seul ez dela inoiz amaitzen. Bat batean eraikitako hiria dirudi. Zeru orratz, errepide eta auto-ilara handi bat. Ez da aukera txarra atzoko festan loari lapurtutako orduak berreskuratzeko. Zine jaialdira etorritako beste inor ez da animatu iparraldeko bizilagunak bisitatzera. Atzo, gaurko txangoaz hitz egiten nienean, extralurtar bati bezala begiratzen zidaten. Geroz eta konbentzituago nago: zine zuzendariak ez dira jende fidagarria.

Hiria amaitu bezain pronto hasten dira garitak eta alanbre hesiak. Autobusak gune berezi batean utzi nau. Karrusel baten eta barku bikingo horietako baten alboan. Hemen, aurrerantzean gida izango den emakumeak instrukzio zehatzak eman dizkigu: ezin da argazkirik egin autobusetik, ezin zaizkie argazkirik egin gune militarrei eta soldaduei. Laburbilduz, argazkiak, soilik argazkiak ateratzeko markaturik dauden guneetan egin daitezke. Pasaportea eskura izateko eskatu digu zubi baten erdian dagoen peaje moduko gune batera gerturatzen garen heinean. Soldadu bat igo da eta pasaportea aztertu du. Autobusa betetzen dutenak Hego Koreako turistak dira nagusiki. Turkiako bikote bat ere bada, eta Kanadako beste tipo bat (turista kanadiar orok bere motxilan daraman astigar hosto gorriak salatzen du). Garitak mantso-mantso pasa, eta sartu gara DMZ (demilitarized zone) izeneko zonaldera. Izendapen paradoxikoa iruditu zait; gure gida-sargentuak azaldu digu eremu honetan lege militarra lege zibilaren gainetik dagoela.

Egia esan, ez dakit zer egingo dudan kamararekin. Ez dut nire bizitza osoan hainbeste militar ikusi gudarako prest. Badaezpada, ez dut zorroan sartuko. Tren geltoki batera eraman gaituzte eta gure gida txapa sartzen hasi da. ¨Iparraldekoek gure presidentea akatu nahi dute¨, ¨Iparraldeko populazioa analfabetpoa da¨. Buf. Horrelakoetan propaganda espero duzu, baina disimulu apur batekin, behintzat. Geltokiaren kanpokaldeko lorategian emakume batzuk hostoak jasotzen dituzte lurretik. Geltokitik, Iparraldeko Korea ikusten den gune batera eraman gaituzte. Bi gauzek deitu dute nire arreta. Lehena, muga-lerroa zein nabarmen ikusten den. Hego Korear aldean arbolak daude, baina, Ipar Korea hasten den tokian, guztiak bota dituzte. Argindar arazoak dituen herrialdea da Ipar Korea, eta jendeak ahal duen tokitik ateratzen ditu erregaiak. Bigarrena, bi herrialdeak batzen dituen errepidea eta bertan dabiltzan kamioiak. Gidari galdetu diot, eta kamioi horiek Hego Koreak Ipar Korean dituen lantegietara doazela esan dit. Ipar Koreako soldata baxuez baliatuz, hegoaldeko enpresa batzuek akordio bat egin dute iparraldeko gobernuarekin eta bertan jarri dituzte lantegiak. Beste behin, kapitalismoa harrotasun nazionalaren gainetik. Gaur, turista bakoitzeko bi soldadu dugu inguruan argazkien kontua kontrolatzeko. Eta jakina, nik turistarena egin dut, hau da, komeni denaren kontrakoa. Ipar Korearuntz begira jarri dut objektiboa eta, klik! Militar bat jabetu da eta nigana etorri da oihuka. Mister! Mister! Kaguenlaputa, nireak egin du! Gatibu-lanak egitera! Nigana iritsi, eta, edukazio handiz eta ingeles perfektu batean, ateratako argazkiak ikusterik ba ote duen galdetu dit. Baietz esan diot, jakina. Erakutsi dizkiot eta zein ezabatu eta zein gorde nitzakeen esaten joan da. Tonto aurpegia jarri eta hark esandakoa egin dut. Berriro ere autobusera igo naizenean, kamara atera eta errepasoa egin dut. Bertan ateratakoak ez ziren argazkiak soilik. Bideo irudiak ere badira, eta horietako askotan azaltzen dira berez ezabatu beharko nituzkeen irudiak. Turista listilloa, gatibu-lanak merezi ditut, bai horixe!

Azkeneko bisita, iparraldeko soldaduek muga gurutzatzeko egindako 70 metroko eginiko tunel batera izan da. Hemen, zuzenean kamara errekisatzen dizute. Bisitarietako askok ez sartzea erabaki du. Tunelerako jeitsiera luzea da, eta beno, nolabait esateko, gune hau ez da klaustrofobiko baten ametsik gozoena. Tunelean barna sartu eta makurtuta 400 metro ibili ostean, Ipar Koreatik 70 metrora dagoen porlanezko murru zabal bateraino iritsi gara. Eremu beldurgarria da. Bero eta hezetasun handia egiten du. Ipar Koreako zenbat soldadu hilko zen lider handiaren agindupean dinamitaz eta eskuen indarrez eginiko tunel honetan? Kanpora atera naizenean, irudi batzuk atera ditut minaz gainezka dagoen baso eremu baten hertzean. Ez oso urrun, kamuflajez margoturiko bunker bat ikusi dut. Gerturatu, eta irudiak ateratzen hasi naiz beste behin. Turistaren beste akats bat. Izandako zortearekin konformatu ez eta beti gehiago nahi izatea. Hala ere, berton ez dut kontrako kartelik edo militarrik ikusi. Beranduago, autobusean zain nengoela, turista kanadiarra bunker horretatik ateratzen ikusi dudanean, konturatu naiz komunak zirela! Gida-sarjentuak zenbaketa egin eta etorritako bidetik itzuli gara. Zubiko kontrol militarra pasa, eta berriro ere noria eta barku bikingoa daudeneko parking erraldoiera eraman gaituzte. Eta han geratu naiz, beste autobusaren zain, eskuak kafez gainezka dagoen paperezko edalontzian berotzen, eta, hein handi batean, munduko zonalde militarizatuenetakoa turistentzako atrakzio parke erraldoi eta bizarro bat dela konbentzituta.

Seulera bueltan, nitaz arduratzen den neska gaztea urduri somatu dut. Berandu gabiltza sari banaketaren emanaldira joateko. Berandu iristea berdin zaidala esan diot. Hotelera noala aurretik. Ezin naizela berandu iritsi esan dit, eta irribarre txiki bat eskapatu zaio. Ez dago sari banaketa batera irabazi duzula jakinda joatea bezalako sentsaziorik...