hurrengoa
man or astroman? julen azpitarte   Espazioan surfeatzen
1992 urtean estralurtar koadrila xelebre batek gidaturiko espazio-ontziak lurrarekin egin zuen talka. Hain zuzen, Amerikako Estatu Batuetako Auburn hirian (Alabama) lurreratu zen ditxosozko aireontzia. Eskifaiak rock and roll banda baten atzean ezkutatzea erabaki zuen, gizakien artean infiltratzeko asmoz, eta taldeari Man or Astroman? izena jarri zioten tripulatzaileen identitate bikoitza aipatuz.

Gizaki iparamerikarraren herri kultura ikertzen hasi eta liluratuta gelditu ziren 60ko hamarkadako doinu instrumental surf zaleekin. Hortaz, surfean ez zekiten nerabeek dantzatzen zuten estiloa jorratzea deliberatu zuten, beti ere, punk eta garage-rock ukituekin zikinduta. Horrez gain, 50eko eta 60ko hamarkadako zientzia fikzioarekin maitemindu ziren, agian pairatzen zuten herriminaren ondorioz. Hala, sasoi horietako B Saileko film eta telesailetako samplerrak sartzen hasi ziren doinuetan. Sci Fi generoarekiko obsesioa zuzenekoetara ere eraman zuten: eszenatokian astronauta jantzita agertzen ziren, thereminak jotzen zituzten eta Tesla bobinak ere erabiltzen zituzten espektakuluaren apaingarri gisa.

Zenbait kontzertu eskaini ostean, 1993an Estrus zigilu interesgarriarekin topo egin eta lehendabiziko lan homonimoa argitaratu zuten. Ezbairik gabe, euren lanik borobilena, zientzia fikziozko estetikarekin jantzitako instro-rock-and-roll maisulan garaikidea. Bi disko gehiago kaleratu ondoren, Touch and Go diskoetxe ezagunarekin sinatu zuten lurtar gehiagorengana iristeko xedearekin. Bigarren disko sorta bat argitaratu eta gero, 2001ean espaziora itzuli ziren. Lehenago, baina, Bilboko Kafe Antzokian jo zuten. Bost urtez galaxietan barrena galduta izan ostean, 2006an lurrera bueltatu ziren, Touch and Go-ren 25. urteurrenaren harira Chicagon eginiko jaialdian parte hartzeko. Harrezkeroztik, gure planetako zenbait agertokitan ikusi izan dira noizbehinka, tartean, aurten Benidormen egin den Funtastic jaialdiaren azken edizioan. Egun kosmosean galduta omen daude. Batek daki!