hurrengoa
musikaren dimentsioak    Rice Unibersity-k martxan jarri berri duen proiektu batek musikaren pertzepzioan parte hartzen duten ezaugarri neuronalak aztertu ditu. Ez da erraza azterketa zientifiko sakon eta interesgarria lerro eskas batzuetan laburtzea, baina, gure kolaboratzaileen artean Punset ez badago ere, musikaren dimentsioak aztertzen dituen ikerketa honen berri ematea deliberatu dugu. Jantzi betaurrekoak eta entzun!
Musikak dimentsio bi ditu: bertikala eta horizontala. Dimentsio bertikalak une berean gertatzen diren noten arteko harremana neurtzen du. Elkarrekin jotzen diren noten arteko distantzia horri ¨harmonia ¨ esaten diogu, eta, hain zuzen ere, mendebaldeko musikan gehien garatu eta erabiltzen den dimentsio bertikal honi eman zaio ¨dimentsio bertikala¨ izendapena. Noten arteko interbaloak kontsonante edo disonante gisa definitzen dira. Kontsonanteak sinpleki esan nahi du interbaloak belarriari plazera eta estabilitate sentsazioa ematen diola. Disonantea, ordea, kontrakoa da, ezinegona eta desoreka. Azalpen horren subjektibitate maila handia da. Mendebaldeko kulturan hezitakoak hartzen gaitu oinarrian zein soinu den erosoa eta zein deserosoa definitzerako orduan. Kulturaz aldatuz gero, azalpen horrek ez du baliorik. Hala ere, dimentsioen kontuan zerikurisik ez duenez, jarrai dezagun solfeoko klasearekin. Dimentsio bertikala erraza iruditu bazaizue, dimentsio horizontala are sinpleagoa da. Noten eta isiltasun tarteen harremanak osatzen du. Erraz ulertzeko, musikaren denbora elementua litzateke dimentsio horizontala. Musika, beraz, noten arteko espazioan eta denboran oinarritzen da.

Dimentsio bertikala notek betetzen duten espazioa bada eta dimentsio horizontala notek denborarekin duten harremana... posiblea al litzateke denboran eta espazioan bidaiatzea ahalbidetuko lukeen musikarik? Guk ez dugu zalantzarik. Gizakiaren jarduera guztien artean musika delako, ziurrenik, denboran eta espazioan bidaiatzeko modurik boteretsuena.