hurrengoa
espazioaren irudikapenaren lilura    Dimentsioez hitz egiten dugunean, ez dugu inoiz ahaztu behar aldagarriak direla. Ez hori bakarrik. Dimentsio kontzeptua gure garunaren irakurketa bat da, eta arrazoi horrexegatik liluratik asko du. Arkitekturak, oinarrian, espazioaren neurketa eta errepresentazioa erabiltzen ditu. Planoak erabiltzen ditu zeregin horretan, eta hain zuzen ere, eremu lau horretan ematen da bi eta hiru dimentsioen arteko lilura jokoa.
Plano bat, beti, gertakizun bidimentsionala da. Paperean edo ordenagailuaren pantailan marrazturiko puntuek eta lerroek ez dute bi dimentsioen eremutik ihes egiteko gaitasunik. Hala ere, gizakiak asmatu du puntu eta lerro horien konbinaketaren bitartez sakontasunaren lilura sotzeko modua. Sakontasunaren ilusio horrek hirugarren dimentsioaren errepresentazioa eskaintzeko gaitasuna du. Plano batean marrazturiko edozer hiru norabidetan antzeman dezakegu: gora eta behera, eskubira eta ezkerrera, aurrera eta atzera. Espazioari dagokionez, ez dago beste aukerarik. Hala ere, plano batean badira beste dimentsio berri batzuk gehitzeko aukerak: koloreak, formak, marraztutako lerroen zabalera... Plano arkitektoniko batean horiek guztiak dimentsio berriak eta aldagarriak dira, eta horrek hiru dimentsioetatik haratago eramaten gaitu.

Dimentsioen kontu horrek, ordea, esan bezala, zerikusi handia du gure burmuineko konexio neuronalekin eta gure begiratzeko gaitasunarekin eta heziketarekin.
Hiru dimentsioek espazio bat sortzeko gaitasuna badute, aipaturiko beste dimentsio horiek ¨obserbazio espazio¨ berriak sortzeko gaitasuna dutela esan genezake. Obserbazio espazio horiek ez dute zerikusirik, berez, espazio tridimensionalari ematen diogun kokatze zentzuarekin. Azken finean, hiru dimentsiotako espazio horren kokatze zentzua gure buruak sorturiko zerbait besterik ez da; gure garunean sortzen den dimentsio bat baino ez. Gure garunetik kanpo ez da esistitzen altura, zabalera, sakonera, argia, kolorea, soinua, tenperatura, usaimena edo bestelako dimentsiorik. Guzti horiek ez dira errealitate objektiboak. Gure garuneko kalkulu neurolalen emaitza besterik ez dira. Horregatik dira misterio bat mendebaldeko herrialde zibilizatuen biztanleentzat beste gizaki batzuek somatzen dituzten dimentsioak. Australiako aborigenek ondarraren mugimendua irakurtzen eta ulertzen dute; eskimalek elurraren hizkuntza ulertzen dute; Amazonetako indigenak hainbeste egokitu dira oihanera, ezen bertoko parametro itxietatik ateratzen direnean eta zeruhertz zabaletara eramaten dituztenean zorabioak sentitzen baitituzte (gauza bera gertatzen zaie urte askotan preso egon direnei).