• 1
  • 2
hurrengoa
tranpatojo: 3D betaurrekorik gabe    3Daren kontu hau guztia teknika berria dela pentsatzen duzuen guztiontzat, hitz eder bat ekarri dugu The Baldera: trampantojo. Ez, ez du zerikusirik Paquirrinen amarekin. Espazioa ez dagoen tokian espazioa sortzeko modu bat da, begiari iruzur egiteko asmaturiko teknika bat. Gazteleraz ¨trampa ante el ojo¨ esaldiaren laburpenak sortzen du hitza. Frantsesez ¨ trompe l´oeil ¨ izenak ere argi egiten dio men iruzur horri.
Pompeiako freskoetatik hasi, pintura erligiosoaren garai ezberdinetatik pasa, eta egungo zinema dekoratuetaraino, historia guztian zehar erabili izan den pintura teknika zail eta zehatza da trampantojoa. Orokorrean, pintura mural errealistak izaten dira tranpantojoak. Perspektiba faltsu bat eskaintzeko asmoarekin egiten dira. Perspektiba lantzen duen teknika zehatz bati esker, pinturak begiak engainatu eta sakontasunaren efektu optikoa lortzen du. Betaurrekorik behar ez duen 3D efektua. Pinturan landu da nagusiki tranpantojoaren teknika, baina arkitekturak ere eman ditu engainu adibide aipagarriak. Gianluca Berninik eginiko Vatikanoko Scala Regia, adibidez, edo eta Borrominik Palazzo Spadan eraiki zuen Galeria Spada. Bi kasu horietan espazioaren pertzepzioa aldatu egiten da efektu arkitektonikoen bidez. Besteak beste, zutabeen altuerak aldatuz sakontasun sentsazio nabarmenagoa ematen da.