• 1
  • 2
hurrengoa
aki kaurismäki by aki kaurismäki    2006. urtean Laitakaupungin valot (Argiak arratsean) filma aurkeztu zuen geroztik ezer gutxi genekien Aki Kaurismakiren inguruan. Aurten ordea film berria estreinatuko du. Frantziara itzuli da (1992an La Vie de Boheme filmatu zuen bertan) Le Havre izeneko pelikula filmatzera. Zuzendari oparo eta langilea izanik, ausentzia luzea izan da berea. Denbora tarte horretan ordea ez da isilik egon. Irudien ausentzian, azken urteotan zuzendari finlandiarrak esandako hitzen bila abiatu gara hemeroteketara. Eta topatu dugu Aki Kaurismakiren hitzetan, ausentzia luze horren atzean egon daitezkeen arrazoi eta hausnarketa batzuk behintzat. - Ez dago bizitzeko ardo zuria baino beste arrazoirik.
- 23 urteetan zehar zinema egin dut, eta nire pelikuletatik bakarra ere ez da dezentea. Ambizio asko nuen, baina erantzun bakarra topatu dut: ez dut talentu berezirik.
- Galdetzen al zioten John Ford-i zergatik egiten zuen lan beti John Wayne-kin? Zertarako aldatu aktoreak onak badira? Atsegin ditut nire aktoreak, haiekin txistu egin besterik ez dut behar.
-Nik behin egin nuen. Nire iragana gainetik kendu nuen. Guztientzat litzateke ona. Iragana hilarri bat da gizakiarentzat, itotzen gaituen hilarri bat.
-Futbola da nire bizitza! Nire taldea? Oporto! Urte erdia Portugalen bizi naiz. Nire emaztearekin eta hiru zakurrekin etortzen naiz auroz. Bi egun barkuz eta eta lau autoz. Lehen, hiru egunetan egiten nuen. Gehiegi zapaltzen nion azeleragailuari. Gustatzen zait bertan bizitzea. Zergatik? Ez duelako batere antzik Finlandiarekin.
-60eko hamarkadako edozein film da nire filmak baino hobea. Talenturik gabe bizitzak ez du interes berezirik. Egungo zinema ez zait interesatzen. Lehen, Hollywood-eko filmen % 99 zaborra zen, baina bazegoen zen % 1 liluragarria. Egun, % 100 dira kakazaharra. Nik film txarrak egiten ditut, baina ez dut Hollywood-ekoen moduko kakarik egiten.
-Nik entretenimendua esakini nahi dut, baina biolentziarik gabe. Lehen, jendea atseden hartzera joaten zen zinemara; egun, 300.000 pertsona akatu behar dituzu ikuslegoaren atentzioa eskuratzeko. Helsinkin biolentzia ez da glamurosoa, ez du izenik, norbaitek kalean astintzen zaitu besterik gabe. Ni ere erasotu naute kalean. Ni, ordea, handia naiz eta erantzuten dut. Ni erasotu nauen inor ez da bizirik atera… Txantxa da… Badaezpada ere.
-Gaztea nintzenean, komunean eseri eta ideiak bat batean etortzen zitzaizkidan. Baina jadanik ez naiz gaztea, eta, egun, komunean… ba hori, komunean egiten diren gauzak besterik ez ditut egiten.
-Ongizatearen gizartearen inguruan ditudan ikuspuntu politikoak, ekonomikoak, moralak eta soziologikoak nire filmetan ikus daitezke.
-Nire zinema ez da familiarra. Ez dut familia kontzeptua atsegin. Nire aitonak bere buruaz beste egin zuen eta nik ere hala egingo dut egunen batean.

Gizon finlandiar bat

Finlandiar zinemaz hitz egiten dugunean, Kaurismaki abizena datorkigu burura automatikoki. Aki eta Mika Kaurismaki anaiak dira azken hamarkadetan Suomien lurraldetik datorkigun zeluloidearen protagonistak. Nagusiki Akiren filmak izan dira nazioartean ezagun eta Finlandiarren enbaxadore bihurtu direnak. Ez hori bakarrik, gure irudikapen kolektiboan finlandiar nortasunaren zizelatzaileak direla esatera ausartuko ginateke. Finlandiarrak nolakoak diren galdetuko bagenu, Aki Kaurismakiren filmetako pertsonaiak etorriko litzaizkiguke gogora.
Zaila da gizon honen filmografia eta begirada lerro gutxi batzuetan laburtzea. Horregatik aukeratu ditugu hainbat elkarrizketatan emandako erantzun hauek. Pintzelkada batzuk besterik ez dira, baina bozeto bat egiteko adina ematen dutela iruditzen zaigu. Kaurismaki, zinikoa eta ezkorra bada ere, bizitzaz apur bat gogaitua badirudi ere, era berean gizon konprometitua da. Itxurakeriaz gainezka egiten duen zinemaren munduan, beste hainbat aktorek eta artistillek ez bezala, modu independente eta egiazko batean erantzuten du Kaurismakik. Ez dugu inoiz ekimen ¨oenegero¨ batean ikusiko edo eta pankarta baten atzean oihuka eta kamerez inguraturik. Kaurismaki zuzenagoa da. AEBetako jaialdietara joateari muzin egin zion, bertako gobernuak Abbas Kiarostamiri bisatua ukatu zionean. Zalapartarik gabe. Aldizkarietan azaldu gabe, Louis Vuitton poltsarik gabe…
Kaurismakiz ari garela, ezin dugu aipamenik gabe utzi harekin beti lan egin duen Timo Salminen argazki zuzendaria. Filmak argiztatzeko duen modu pertsonal eta ez naturalistak markatu ditu Kaurismakiren filmak. Zinema kritikari batzuen ustetan, Kaurismakiren filmak estetizistegiak dira, kontatzen dutena irudiaren menpe geratzen omen da. Pelikula bat ¨diseinua¨-ri garrantzia ematea, ordea, ukatzen al du pelikula horren balioa? Zinema soziala egiteko derrigorrezkoa al da estetika naturalista? Ez gara putzu horretan sartuko… apenas duelako sakontasunik. Batzuek eusten badiote ere, eztabaida hori gaindituta dagoelako. Nahi duguna da Kaurismakik berriro filmak egiteko behar duen aldartea topatzea. Guztiok eskertuko diogu: zaleok gozamenerako beste arrazoi bat izango dugulako, eta kritikariek zer idatzia izango dutelako.