hurrengoa
ikuspuntua mikel zatarain   Pertsona bakoitzeko begirada bat, begirada bakoitzeko pelikula bat.

Begirada guztiak ez dira berdinak. Badira begirada ironikoak, begirada poetikoak, latzak, ezkutukoak, begiradak begiratzen dituzten begiradak, begirada intimoak, begirada pentsakorrak, ikuslegoak osatu behar dituen begiradak. Eta abar, eta abar... Begirada da nagusi Iruñako Punto de Vista zinema jaialdian.

Bertan ikuslegoari erronka bat eskaintzen dioten ezohiko filmak dira nagusi. Non zinema bilaketa bihurtzen den; zinegilea munduan bakarka bere lekua bilatzen, norbera bilatzen, ikusezina agertarazi nahian. Kamera eta ikuspuntu pertsonal baten bitartez, zinemagile horiek gabe agian inoiz ikusiko ez genukeena ikusteko aukera izango dugu.
Adierazteko forma berrien bila fikzio, dokumental eta experimental generoen mugak lehertarazten eta nahasten dituzten filmak, hizkuntza zinematografikoari bide berriak zabaltzen dizkioten zuzendari aurrerakoiak.

Definizio eza eta ausardia dira pelikula hauen adjektiboak. Gidoi itxi baten fikzio ez den beste guztia sartzen da hemen: experimentazio laboratorio bat lez genituen aurreiritziak eta ideiak astinduz errealitatearen hausnarketa, irudiei buruzko saiakera, eguneroko intimoa, found footage-a, memoria kolektiboa norberarenarekin nahastuz erroturiko diskurtso hegemonikoak dudan jartzea, gizarte baten izaera azaleratzea...

Amildegitik salto egitea bezala. Gure begirada garbituko duen kolirio-zinema.
Pelikula horiek ez dira inoiz ez zinema aretotara, ez telebistara iristen. Baztertutako zinema, eta, batez ere, gaur egungo errealitatearen irudikapenaren uniformizazio garai hauetan ikusi beharrekoa.
Zine mota hau ikusteko (g)une aproposa, beraz. Proiekzioetan zinemagileekin hitzegiteko parada, beren obrari buruzko ikuspuntuak elkar banatu, eta, aurten, sorpresatxo bat: Mursego zuzenean.

Begiratzera ausartuko al zara? Iruñan. Otsailak 22-27.

lanbroa

la region central sailan*

El horizonte está en los ojos y no en la realidad.
Angel Gavinet

Begia ez bezala, entzumena, sakona eta sormentsua da.
Tren baten txistuak tren-geltoki oso bat bistaratzen digu.
Robert Bresson

Gure paisaiak filmatzeko desira neukan. Eta, aldi berean, baserritarrei omenaldi bat egiteko beharra. Umemoko bat nintzenean ezagutu nuen kultura horri olerki bat idaztea, bizimodu horren heriotza barneratu. Bi behar horiek uztartuz, erreflexio politikoa duen begirada poetiko bat atera zait. Begirada diot, egindako lana fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugetan dabilelako.
Esan beharra dago, zinemaz hitzegiterakoan, irudiari eta begiradari ematen diogun garrantziak soinua, entzumena, baztertuta uzten duela, ahantzita. Eta izugarrizko garrantzia dauka soinuak; soinuen idazkerak zeharo alda ditzake irudi baten irakurketa eta esanahia –baldin badauka–.
Soinuaren idazkeraz baliatuz, zinemaren eta ikus-entzunezkoen artifizialtasuna erakutsi, eta ikusleen eta errealitatearen irudikapenaren harteko harremanaren hausnarketa bat proposatzen duen erresistentzia ekintza bat. Forma pentsatzen ez duen Monoforma hegemonikoaren aurkako izkribu bat.
Irudiak eta soinuak ez dira uste dugun bezain kaltegabeak eta errugabeak; soinuek eta irudiek ahanztura ezartzen duten garai hauetan, memoria egitea keinu politiko bihurtzen da. Memoria egiteko filmatu beharra dago. Gure memoria pertsonal eta indibiduala borra ez dezaten.
*Punto de Vista jaialdiaren barruan, gaur egungo abangoardiazko zinemaren ikusmira da.