hurrengoa
kanpaia entzuten ez zuen boxeolaria    Arbitroak seigarren asaltoan eten egin zuen borroka. Robert Cohen estatubatuarra ez zegoen zigor gehiago jasotzeko moduan. Bat batean ring inguruan zeuden kazetarien argazki kameretako flash-ek itsutu egin zuten. Erromako "Foro Atletico Stadium"- a betetzen zuten 38.000 herrikideen txalo eta oihuen artean lortu zuen K.O. garaipena. Zaleen bizkarrera igota, keinuka ospatu zuen bere garaipena 30 urte pasatxo zituela. Ez zuen ezer esan...ez zuen ezer entzun... Mario D'Agata, munduko luma pisuen boxeo txapeldun berria gormutua zen. 1956. urteko ekainaren 29an gertatu zen hori. Boxeoaren historian, munduko txapeldun gormutu bakarra izan da Mario D'Agata. Gormutu txiki eta temati hau 12 soken erregea izatera nola iritsi zen jakiteko, bere bizitzan atzera begira jarri beharra dago. Mariorena, isiltasunean idatziriko bizitza baten emaitza delako.
Haurtzaro gogorra izan zuen Mariok. Zazpi anai-arrebetatik 3 gormutu jaio ziren. Arezzo herri txikiko beste haurren barrei muturrekoka erantzuten zuten D'Agatarrek. Gurasoak herria utzi eta Erromara emigratu zuten, bertan euren 3 seme-alaba gorrentzat mediku aproposak topatuko zituztelakoan. Saiakerak egin zituzten arren semealabek ez zuten heziketa normala jasotzeko aukerarik izan. Mario hala ere gazte azkarra zen, eta lanean jarduteaz gain, bere gurasoen laguntzaz etxean heziketa duina jaso zuen. Nerabezaroan, boxeo gimnasio bat iragartzen zuen kartel bat ikusi eta bertara sartu zen. Beste gazte batzuk boxeoan ikusi zituenean argi izan zuen bere etorkizuna bertan zegoela. Bigarren mundu gerrak suposatu zuen etenaldi mingarriaren ondorioz, Mariok berandu egin zuen bere estreneko amateur borroka. 20 urterekin igo zen lehen aldiz 12 sokek mugatzen duten eremu sakratura. 1946. urtetik 1950 urtera 110 borroketatik 90 irabazi zituen. Profesional mailan ere garaipen batekin hasi zuen bere karrera, 1950. urtean. Profesional gisa 1953. urtean irabazi zuen Italiako luma pisu kategoriako txapelketa eta jarraian irabazitako 6 borrokaldiren ostean Tunisiara jo zuen munduko txapelketa eskuratzera. Bertan Robert Cohen estatubatuarraren aurka lehiatu zen eta 10. round-ean galdu zuen puntuetara. Saiakera haren ostean Australiara joan zen mundua ikusi eta bertako boxeolarien aurka konbate tour luze bat egiteko asmoz. Hirugarren borrokaldia irabazi ostean, eta eztabaida sutsu baten ondorioz, bere managerrak tiro bat bota zion bularrean.
Gertakizun honek, bigarrenez munduko txapelketa irabazteko saiakera bertan behera utzi zuen. 1955. urtean itzuli zen Italiara. Ordurako ia inork ez zuen sinisten D'Agata gormutuaren berpizkundean. Baina D'Agatak 13 konbate irabazi zituen jarraian, Europako txapelketa irabazi eta munduko txapelketarengatik borrokatzeko eskubidea eskuratu zuen.
Eta 1956. urteko ekainaren 29ra itzultzen gara. Tunisian lurra musukatu arazi zion Cohen boxeolari harroa aurkari berriro ere. Mario ring-era igo zen, paradisua eta infernua banatzen dituen 12 soken eremu sakratura. 38.000 ikusleren begien jomuga izateak ez du erraza izan behar. Are gutxiago, ikusle horietako bakoitzaren keinuak eta ezpainak begiz irakurri behar badituzu. Baina hura, isiltasuna zaratari gailenduko zitzaion gaua zen eta lehen aipatu bezela 6. asaltoan "Knock Out" utzi zuen estatubatuarra. Hurrengo urtean, bere titulua defendatu zuen Parisen Alphonse Halimi algeriarraren kontra. Gormutua zenez, Mariok ez zuen kanpairik entzuten eta horregatik ring-etik gertu argi bereziak jarri zituzten. Asalto bakoitza amaitzen zenean argi hauek piztu egiten ziren D'Agatarentzat. Konbatea aire librean ospatu zen eta ekaitz baten ondorioz argiek gainkarga jasan eta Marioren gainean eztanda egin zuten. Lepoa eta bizkarra erre zituen baina hala eta guztiz ere borrokatzen jarraitzeko erabakia hartu zuen. 15. asaltoan galdu zuen titulua eta segidan ospitalera eraman zuten erredurak sendatzera. Halimik ez zion inoiz errebantxarik eskaini. Mario 1962. urtean erretiratu zen eta ez zen sekula itzuli 12 soken eremura.
Min berdina ematen al dute soinurik ez duten kolpeek? Nola egiten da dantza ring-batean musikarik entzun gabe? Mario D'Agata handiak, box txapeldun gormutuak, munduko ring ezberdinetan, modu isil bezain bortitzean eman zien erantzuna galdera guzti horiei.