• 1
  • 2
hurrengoa
dashiell hammet    New York hiriko Lennox Hill ospitalean hil zen Samuel Dashiel Hammett 1961eko urtarrilaren 10ean. Arlington-ko hilerri militar ezagunean lurperatu zuten. Hori da, ziurrenik, bere nazioko agintariek eskaini dioten ohore bakarra. Eta eskaini baino, Hammettek berak irabazia zuen, mundu guda bitan parte hartu zuelako bolondres gisa.
Hammett-ek Katonah izeneko herrixka bukolikoan pasa zituen bere bizitzako azken hamar urteak, hain maite zituen hirietako kaleetatik urrun. Alkoholismoaren eraginak eta 1955ean pairatu zuen bihotzeko batek erretiroa hartzera bultzatu zuten. Lillian Hellman idazleari esker izan ez balitz, Hammett-ek aspaldian egin izango zuen bere buruaz beste. 1931an ezagutu ziren, eta, inoiz ezkondu ez baziren ere, euren arteko harreman gorabeheratsua izan zen Hammett-en salbazio buia behin baino gehiagotan.
Samuel Dashiell Hammett Maryland-eko baserri batean jaio zen 1894an. 13 urterekin eskola utzi, eta hainbat lanetan jardun zuen Pinkerton National Detective Agency entzutetsuan enplegua lortu aurretik. Lehendabiziko Mundu Gerran bolondres joan zen anbulantzia gidari gisa. Tuberkulosiaz kutsatu zen, eta garai hartan hasi zuen alkoholarekin izan zuen harreman hestua. Gerratik bueltan, publizitatearen munduan hasi zen lanean, eta horrekin batera idazteari ekin zion. Black mask aldizkarian argitaratu zituen bere lehendabiziko lanak Peter Collision ezizenez. 1929an Red Harvest eta The Dain Curse idatzi zituen, eta 1930ean bere obrarik ezagunena: The Maltese Falcon. Arrakasta berehalakoa izan zen. Pinkerton detektibe agentzian lan egin izanak eta taberna zuloetan ia akatu arte edateko zuen ohiturak asko lagundu zion kaleko giroa eta krimenaren mundua islatzen. Hammett-en Sam Spade detektibeak ez zuen beranduago Raymond Chandler-ek sortu zuen Philip Marlowe-ren ironia eta inteligentzia finik, baina sinesgarriagoa zen. Spade-ren zinismoa bat dator eta egiazkoagoa suertatzen zaigu boterearen ustelkeriaren eta gehiegikerien aurrean.
Ibilbide literario laburreko gizona izan zen Hammett. 1934an idatzi zuen bere azken nobela, Blood Money. Ideologia ezkertiarrekoa, Alderdi komunistan izena eman zuen. 1942an, eta faxismoa borrokatzeko asmoz, ejertzitoan izena eman zuen berriro. Tuberkulosiak eta alkoholismo larriak jota, Irla Aleutiarretara bidali zuten. Han igaro zuen 2. Mundu Gerra. Itzuli zenean, New York Civil Right Congress elkartean izena eman zuen. AEBetako gobernuak ez zion aurrerantzean pakerik emango. Lista beltzen garaian, behin eta berriro atxilotu zuten eta galdeketeta ugari egin zizkioten. 1951an sei hilabetez kartzelaratu zuten informazioa eman nahi ez izateagatik. Ez zuen inor salatu eta hurrengo hamarkadetan pairatu zuen ahazturarekin ordaindu zuen; sekula ez zen damutu. Bere heriotzaren 50. urteurren honetan, literaturari egindako ekarpenengatik soilik omendu beharrean, ez legoke gaizki gogoratzea Hammett-ek heroi amerikarren hilerria den Arllington-en duen lur saila ongi merezia duela.

Bibliografia:
Red Harvest (1929)
The Dain Curse (1929)
The Maltese Falcon (1930)
The Glass Key (1931)
The Thin Man (1934).
Blood Money (1943)