hurrengoa
viva satana!    Otsailaren 4an zendu zen hezur eta haragizko Tura Satana. Kostatu zaio heriotzari Satana anderea bere altzora eramatea. Ez da harritzekoa, izenaz gain, izana ere deabrua bera beldurtzeko modukoa zuelako. Tura Satana pantailan azaltzen zenean ikusleen bragetak dardarka hasten ziren. Hil egin da, baina heriotzak ez du garaipen osoa eskuratu. Eta ez dugu ¨pelikuletan betirako biziko da¨ esaldi merkea erabiliko. Ez. Tura Satanaren kasuan zinema eta bizitza, fikzioa eta errealitatea bide beretik datozelako.
Japonian jaio zen 1939. urtean. Aita japoniar-hawaiar jatorrikoa eta ama cherokee peto-petoa. Tura Luna Pascual Yamaguchi izena eman zioten. Jaio bezain pronto 2. Mundu Gerra hasi eta familia Chicagora joan zen, japoniar jatorrikoentzat antolatutako kontzentrazio eremu batera. Guda amaitu eta gutxira, Turak 10 urte besterik ez zituenean, bizitza osorako markatuta utziko zuen erasoa jasan zen. Bost gaztek bortxatu egin zuten. Familiak salaketa jarri zuen, baina, bortxatzaileetako bat polizietako baten iloba izanik, bost gazte zuriak libre utzi zituzten. Ez ziren horrekin konformatu: bost gazteak ¨berotzeaz¨ salatu zuten Tura, eta urtebetez erreformatorio batean sartu. Erreformatoriotik atera zenean, Turak bazekien aurrerantzean bere kabuz defendatu beharko zela. Erreformatorioan metatu zuen gorrotoari aitak irakatsitako karatea gehitu zion. Bere auzoan eta eskolan ere, ikaskide afroamerikarren baztertzea eta erasoak jasan zituen. 14 urterekin, institutuan izandako borroka batean, lau gelakide jipoitu zituen eta erreformatoriora itzuli zen. Epaile emakumezko batek haren bortxaketa kasuari erreparatu eta askatzeko agindua eman zuen arte izan zen han.

15 urte bete zituenean etxetik alde egin zuen eta Strip-Tease klubetan hasi zen lanean. ¨Japanese Beauty¨ izen artistikoaz, burlesquea eta karate mugimenduak uztartzen zituen bere ikuskizunetan. Originaltasun horri gainera, bekaturako zizelatua zirudien gorputza gehitzen zitzaion. Garai hartan ezagutu zuen Elvis. Hala zioen, behintzat, berak beti elikatu zuen legendak. Bere izaera alderraiak, ordea, mugimendua eskatzen zion beti eta Hollywood-era joatea erabaki zuen. Iritsi eta gutxira, stripper paper txiki bat egin zuen Who´s sleeping in my bed filman, Dean Martinen alboan. 1963. urtea zen eta Billy Wilder-ek film hura ikusi, eta Irma la Douce filmean papertxo bat eskaini zion. Telesailetan eta filmetan eskaintzen zizkioten paper txikiak eginez hasi zen lanean, betiere hainbeste gustatzen zitzaion strip-teasea utzi gabe. Hain zuzen ere, Pink Pussycat klubeko eskenatokitik jeitsi zenean hurbildu zitzaion Russ Meyer zinema zuzendaria. Meyer-ek gau hartan bertan eskaini zion bere hurrengo pelikularen paper nagusia. Gau hartan jaio zen Varla, Faster Pussycat! Kill! Kill! film mitikoaren protagonista. Filmea pop ikono bihurtu da, B serieko filmeen adibide ezagunenetarikoa. Ostean, Turak eta Meyer-ek ez zuten berriro ere elkarrekin lanik egin, baina euren izenak betirako geratu ziren lotuta. Tura hegazti migratzailea zela esan dugu. Filme gehiago egin zuen Satana andereak, besteak beste, kultuzko AstroZombies edo eta Doll Squad (beranduago Charlies Angels eta Kill Bill filmeetarako erreferentzia izan zena). 70eko hamarkadako aurrekontu urriko filmeen gainbeherarekin zine pantailetatik desagertu zen Tura. Ezkondu egin zen. Seme alabak izan zituen. Alargundu zen. Los Angeleseko polizia zentralean telefono operatzaile gisa lan egin zuen. Auto istripu larria izan zuen. B serieko jaialdietara gonbidatua izaten hasi zen. Eta pasa den otsailaren 4an zendu zen, etxean, bere semeen eta biloben maitasunaren konpainian.