hurrengoa
anarchist cookbook-ek 40 urte (edo sukaldari damutua) yolanda pividal   “Anarchist Cookbook free download” idazten dugu Google bilaketa leihatilatxoan, eta bi segundo igaro aurretik, lehendabiziko loturak biribil batean sartuta dagoen A bat duen webgunera bidaltzen gaitu. Bertan honakoa irakur dezakegu: “Sorry, after much debate we’re not prepared to provide the anarchist cookbook for download anymore (…) In Britain there are a number of cases of pretty regular but curious people getting on the wrong side of the law from simply possessing a copy!”

“Barkatu. Barne eztabaida ugariren ostean, Anarchist Cookbook deskargatzeko aukera ez eskaintzea deliberatu dugu (...) Britanian, kopia soil bat izateagatik legearekin arazoak izaten ari den jendearen kasuak gertatzen ari dira¨.

The Anarchist Cookbook, ¨legez kanpoko¨ errezeten best-sellerra eta legenda urbanoen ontzia denak, 40 urte bete berri ditu. Izenburuak dioenaren kontra, zerikusi gutxi du mugimendu anarkistarekin. 1968an, Manhattan-ko Lower East Side ¨iraultzailean¨ familia burges batean hazitako gazte batek Vietnamgo gudan borrokatzera joateko deia jaso zuen; ez zuen inolako loturarik alderdi edo mugimendu politikoekin. Haren hitzetan, ¨sinisten ez zuen guda batean parte hartzera derrigortua egoteak¨ piztu zion amorruagatik sortu zuen batzuentzat biolentziaren erabilera demokratizatu eta ¨everyman bombaker¨ garaiari hasera emango zion eskuorri-bilduma hau. Beste batzuentzat, gudaren aurkako desobedientzia zibilaren sinboloa, eta, gaur egun, ¨Wikileaks garaiari¨ esker Ipar Amerikako konstituzioko enmendarik erabilienetakoa den adierazpen askatasunaren ikonoa da.

Beste batzuen artean, lehergailuak egin, gizon bati burua moztu piano soka batekin, telekomunikazio sabotaiak gauzatu edo eta arinagoak diren beste pasaia batzuk, platano azalaren sustantzia psikoatiboen erabilera (garai batean AEBko drogaren aurkako bulegoa hankaz gora jartzeko botatako ergelkeria) guztiek osatzen dute ¨insurgentzia¨ eskuorri hau. Powell-ek ez zuen informazioa liburu debekatuetatik edo artxibo sekretuetatik atera, New Yorkeko liburutegietan hautsa biltzen zuten entrenamendu militarren eta Boy Scouten gidetatik baizik, eta informazio horri guztiari anti-sistema panfletoetako hizkuntza eta berezkoa zuen literatura gaitasuna gehitu zizkion. Bitartekorik, aldaketarik eta zuzenketarik gabe, lehen enmendaren bandera aireratzen zuen Lyle Stuart editore ausartak 1971. urtean eskuizkribuaren lehen edizioa argitaratu zuen. Bi milioi ale baino gehiago saldu zen mundu osoan.

Arrakasta garai baten ostean, liburua ia desagertu zen Reagan-Tatcher ardatz neoliberalaren eskutik eta kontrolpean bizi zen gizarte zibilaren garaian, agente federalentzat izan ezik. Izan ere ahalegindu ziren testuaren eta hainbat bortizkeria ekintzen arteko lotura frogatzen, besteak beste, 1976an Kroaziako talde independentista batek Manhattango Central Station-en lehergailua jarri zutenean.

Kristau anglikarra eta ¨gatazka konponbideetan¨ aditu bihurtu zen egilearen bizitzan desagertzear zegoen laino bat zena, berpiztu egin zen Internet sarearen zabalkundearekin. Komunikazioaren autobidean, Anarchist Cookbook-ek moldaketa eta bertsio berriztatuak izan zituen. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran, planetako nerabe talde ugarik Anarchist Cookbook II (ASCII) biltzen hasi ziren. Garai horretakoak dira izen handikiak zituzten The Temple of the Screaming Electron edo The pirates Hollow buletinak. Beranduago, egile anonimoa zuen Anarchist Cookbook 2000 bertsioa eta zinemaren historiara pasako ez den izen bereko filma azaldu ziren.

“Cookbook” uholde horrek lan originalaren egileak bere isiltasuna haustea eta plazara itzultzea eragin zuen. Oraingoan, ordea, ez zen anarkiaren aldeko idazle iraultzaile gisa azaldu, egile damutu gisa baizik: “Liburuaren ideia nagusia zen biolentzia onargarria zela aldaketa politikoa eragiteko. Egun ez dut horretan sinisten (...) Iruditzen zait inprimatu beharko ez litzatekeen argitalpen arriskutsu bat dela” (“The central idea to the book was that violence is an acceptable means to bring about political change. I no longer agree with this (…) I consider it to be a misguided and potentially dangerous publication which should be taken out of print”). Hala zioen dozenaka blog eta webguneetan. Eraginkortasunik ez duen damua, bere editorearen eskuetan utzi zituelako eskubideak, eta honek, Lyle Stuart-ek, hogei eta hamar urte beranduago, egun argitaratzen duen argitaletxeari saldu zizkiolako. ¨Barkamena eskatzen diegu liburua kuriositatez edo barre batzuk botatzeko irakurri behar zutenei –horretarako eskaintzen genuelako–, baina gaur egun ez du merezi honek eragin dezakeen arazo potentzialak¨ hitzekin amaitzen da deskarga askea eskaintzen zuen webgunearen mezua. Arazo horiek, ordea, ez omen diete eragiten Amazon eta Borders bezalako “mainstream” liburu saltzaile handiei. 20 dolarren truke eta saguari klik eginez, errezeta liburu anarkistaren 160 orrialde izan ditzakezu etxean aperitif ordurako, molotov koktela nola prestatu jakin dezazun.