hurrengoa
zea mays: negua joan da ta    Hamabost urteko ibilbidea (bete ez baduzue, gertu zaudete). Denbora horretan talde batek baino gehiagok banatu eta berriro elkartzean revival kontzertuak emateko denbora izan du. Talde batean izaten diren tentsio uneak eta katramilak ikusita, nola lortu duzue elkarrekin jarraitzea?
Ez dugu uste formularik dagoenik horretarako, suposatzen dut izan dugun gauza on bat lagunak izatea dela, bakoitzaren bizitza pertsonalak errespetatzea. Azken batean, familia bat bezala izatea, gauza onak eta txarrak ahal den hoberen eramaten.
Zuen ibilbidean, musikaren munduak aldaketa ugari jasan du. Diskoen salmentek behera egin dute, negozio eredua aldatu da... Irudipena da, baina zuei horrek guztiak beste askori baino gutxiago eragin dizuela dirudi. Ez diozue zuzenekoak jotzeari utzi, erregulartasunez kaleratu dituzue diskoak... Nola bizi izan duzue musika munduan eman den eraldaketa hau?
Ba, jende guztiak bezala, baina aurrera jarraitu dugu. Suposatzen dut oso burugogorrak edo erromantikoak garelako. Sortea izan dugu horretan, era batean edo bestean beti kontzertuak izan ditugu, eta eskertzekoa da hori. Aldaketak oso hurbiletik ikusi ditugu, eta aurrera jarraitzeko dagoena ikusita, beti saiatu gara gure musika aurrera eramaten era batean edo bestean.
Zuzeneko ugari jotzen duzue berton, baina nazioartera ere atera zarete. Nola hartu dute zuen musika Alemanian edo Japonen, esate baterako?
Naturaltasun osoz hartzen dute, argi dago musika bera hizkuntza internazionala dela. Gainera, hemendik kanpo talde bitxiak asko miresten dira, eta euskeraz abesteak berezitasun hori ematen dizu. Askotan, kanpoko kontzertuen ostean, besarkadak eta muxuak jaso ditugu, eta hori barruraino heldu garen seinale da, nahiz eta euskeraz abestu.
Era da iazko urrian kaleratu zenuten zuen seigarren diskoa. Zer du aurrekoetatik eta zer du berritik?
Dantzagarriagoa da besteekin konparatuz, programaketak sartu ditugu, Split77 taldekoek egindakoak, zuzenagoak. Aurreko disko guztiekin lotura handia du, baina beti egungo sentimenduei jarraituta. Era diskoan kantzagarri izan daitezkeen zatiak moztu ditugu, eta abesti guztiak biziak eta arinak izatea izan da gure helburua.
Duela gutxi, Kafe Antzokian geundela, DJak zuen kantu bat jarri, eta jendea ero moduan jarri zen dantzan eta kantuan... Nabari duzue jende askorengan lortu duzuen eragina?
Bai, kontzertuetan “Negua joan da ta” abestia jotzen dugunean sekulako giroa sortzen da. Guretzako oso zirraragarria da, oso lotura polita lortzen da jendearekin. Azken batean, musikariek beti lortu nahi izan duguna sentitzen dugu une horietan.
*Ikus Ainhoa Moyua protagonista duen bideoklip ederra.