hurrengoa
american way of death maider gomez inchauspe   Bizitzeko modu amerikar bat dagoen moduan, hiltzeko modu amerikar bat badagoela ere esan genezake. Texas-ko kartzela bateko aulki elektrikoan, high schooleko jantokian ikaskide batek tirokatua, pailazoz jantzitako serial killer batek emandako labankadaz hilda, errepideko semaforoa gorriz pasatzeagatik poliziek jipoitua... Hiltzeko modu amerikar horiek guztiak filmetan azaltzen dira, eta, kasu askotan, errealitateak berak kopiatzen ditu filmetatik. Zergatik gustatzen zaigu hainbeste genero beltza? Ongia eta gaizkiaren arteko tirabirak erakartzen gaituelako. Genero beltzeko filmetan gure kontraesanak azaleratzen direlako. Batetik, gaizkilea harrapatu edo zigortu dezaten desiatzen dugu, bestetik, gaizkileak ihes egingo duen itxaropena dugu. Zalantza horrek, ezinegon horrek, erakartzen gaitu. Lorejaleek, gizakiaren ying eta yang delakoa aipatuko lukete. Haragijaleok, “gizakia otsoa da gizakiarentzat” esamoldea. Baina argi dagoena da zinema beltza gustatzen zaigula, gaizkileak erakargarri zaizkigula. Eta hemen ez dago zalantza handirik edo filosofia orientalik. Gaizkileak maite ditugu gu egiten ausartzen ez garena egiten dutelako. Bi “potrobario“ dituztelako.

Zinema beltza edo film noir entzuten dugun bakoitzean, zuribeltzeko filmak datozkigu gogora. Hammett eta Chandler. Bogart. Femme fatalak. Joseph Cotten. Ke arteko gauak. Gabardina luzeak eta kapelak. Edward G. Robinson. Zinema klasikoaren historiarekin lotura handia duten irudiak. Gaur egun, ordea, zer da zinema beltza? Zein dira aipatutako horien oinordekoak? Zein dira zinema beltz garaikidearen ezaugarriak?

Donostiako Zinemaldiak ziklo eder eta entretenigarria antolatu digu aurten galdera horiei erantzuteko. Gizartea aldatzen joan den heinean, zinema beltza ere primeran egokitu zaie aldaketa horiei, denboraren iragana primeran islatzen duen generoa baita noir generoa. Zinema beltzak, egun, gizartearen alderdi ezberdinak erakusteko gaitasun handia duela erakutsi du. Noir istorio bat edozein garaitan eta edozein ingurunetan koka daiteke. Eta, horri esker, ziklo honetan, azken hogei urteotako AEBko errealitate anitzak eta ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu. Euren ukitu pertsonalez makina bat film noir egin duten Coen anaien Fargo eta Millers Crossing, klasikoen erreferentziaz gainezka egiten duen Tarantinoren Reservoir Dogs, itzalen maisua den Fincher-en Seven eta Zodiac, Lynch-en mundu aluzinatua islatzen duen Wild at Heart, Eastwood klasikoaren Mystic River, mafiaren zinemagile “ofiziala“ den Scorssese-ren Goodfellas, Jarmush-en Ghost Dog samurai noir istorio esistenzialista, Nollan-en estreineko Memento aldrebesa, Singer-en Usual Suspects azkarra.... Zikoan eskainiko diren 40 filmetako bakoitzak bere nortasun propioa eta noir izateko modu berezia du.

Ziklo honekin, eta marmarti askoren iritziaren kontra, primeran erakusten du Zinemaldiak kalitatea eskaintzea eta herrikoia izatea ez direla kontzeptu kontrajarriak.