hurrengoa
fanzineari gorazarre    Fanzinea. Fanatic eta magazine hitzen batuketatik sortutako kontzeptua. Zale batek, edo batzuek, eginiko aldizkaria. Bi hitzetan: the balde. Guretzat, paperean argitaratutako produktuen artean, mailarik gorenean dagoena da fanzinea. Eta gure uste apalean, duela hamar urte, bi hilabetero kaleratzen dugun artefaktu honek fanzine hitzaren definizioa eta filosofia betetzen du. Fanzine bat gara eta harro gaude! Ordenagailuak NASAko ingeniarien eta poliziaren eskuetan soilik zeuden garaietan, guk fotokopiagailuarekin egiten genituen fanzineak, papera guraizeekin moztu eta almendra garratz usaineko kolarekin itsatsi ostean. Testuak idazmakinaz idatzi, akatsak typex-az zuritu, premaketa egin, orriak grapekin bildu..., artisautza lana zen fanzine bat egitea, lehendabiziko ordenadoreak iritsi ziren arte. Haiekin batera, inprentak eta fotolitoak iritsiko ziren, eta, beranduago, iraultza digitala eta egungo teknologia zurrunbiloa. Zaharrunoak gara, bai, baina gozatzen jarraitzen dugu gure zaletasunak, neurak, deskubrimenduak eta altxorrak paperean inprimatzen eta banatzen. Askok esango lukete egun blogek bete dutela fanzineen tokia. Eta, hein batean, ordezkatze hori gertatu da. Teknologia berrien zaleak eta sarean garatzen den sorkuntzaren jarraitzaileak gara, baina blogen eta fanzineen artean ezberdintasun nabarmenak daudela argitu nahi genuke. Fanzineak blogak baino pauso bat haratago ematen du. Fanzinea objektua da. Ez dugu esan nahi bloga erreala ez denik, baina fanzineak artisau edo industria prozesua eransten dio bere izaerari. Fanzineak ekoizpen kate bat eskatzen du. Lan intelektualaz gain, eskulana. Eta pauso horrek irtenbideak asmatu beharra eta erronka berriak azaleratzen ditu.
Max-o-matic eta Hernan Ordoñez kolaboratzaileek mintegi interesgarria eskaini zuten fanzinearen inguruan, uda hasieran. Tailer horretan, fanzineak egiteko estrategiak erakutsi ziren. Lehengai eta diru eskasiari aurre egiteko estrategiak, birziklatzearen abantailak, sorkuntzaren bideak, formatuekin egin daitezkeen jolasak, ekoizpenaren sekretuak... Fanzineak, gainera, aldizkarietan nekez izaten den esperimentazioaren eremu bihurtu dira. Aldizkari komertzialen eta Interneten atzean, modu zuzenean edo alboka bada ere, interes komertzialen eragina eta bultzada dago. Horregatik, paperean eginiko autoekoizpenek ematen duten askatasunak ez du preziorik.
Fanzine fan-ak gara. http://www.hernan.tv/index.php?/workshops/fanzinning/