basque herrialdean bizitzen?
Google images-en “basque” hitza idazten duzun bakoitzean, eguberritako bandera dirudien ikurriña (Alvarez Rabo handiak dixit ), AEBko euskaldunen argazkiren bat, Euskal Herriko mapak, eta, oh mon dieu! modu iradokitzailean jantzitako emakume lirainak azaltzen dira. Uste genuen, basque hitzak gure nortasuna, jatorria eta hizkuntza definitzeko balio zuela. Hori horrela izanik ere, basque country-a mapan kokatzen ez dakien askorentzat, basque hitzak badu beste esanahirik.
Basque, emakumeek janzten duten kortse moduko bati esaten zaio. Kortse modukoa diogu, basque-a txaketa edo “body” modukoa izanik, ez duelako kortsearen gogortasunik eta gorpuzkera esturik. Jantziaren jatorria euskal janzkera tradizionalean errotzen da eta, Frantzia osora zabaldu zenean, frantsesek basque hitzarekin bataiatu zuten.
Frantziatik mendebaldeko herrialde guztietara zabaldu zen. Garai biktoriarrean oso modan jarri zen. Basqueak bularrei eutsi eta gerria marrazten zuen, ohiko kortseek sortzen zituzten ondorio fisiko eta anatomiko latzik gabe. XX. mendean, basquea, kortsea edo torsolette-ak barruko arropa bihurtuz joan ziren. Azken urteotan, modek beti egiten duten atzera-begiradari esker, gisa horretako jantzien berpizkundea bizi dugu. Nork esan behar zigun, euskaldunak eta sexua eskutik helduta modan izango ginela berriro pin-up-ei eta fetitxismo erotikoari esker!
Ez da euskaldunok munduari egin diogun ekarpenik garrantzitsuena izango, baina, ziurrenik, bada ezagunena. Hori jakinik, aurrerantzean, “Basque Herrian” bizitzea gozagarriagoa izango delakoan gaude.