hurrengoa
6. pabilioia edo chejov bilbon myriam gartzia   I  myriam gartzia . Anton Chejovek 1892an idatzitako 6. pabilioia narrazioaren hasiera duzue hori. Ipuin honetan Andrei Efímich Raguin doktorearen eguneroko bizitza etsitua, eta gaixoekin eta Nikita zorozainarekin duen harremana kontatzen du Chejovek. Egun, 6. pabilioia Bilbon aurki dezakegu, Deustuko Erribera kaleko 47. zenbakian, eta zoroak baino antzerki eta dantza munduko hainbat sortzaileren biltokia dugu. Arte eszenikoen sortzaile hauek antzerki-areto
berri bat ireki dute Bilbon, “6. pabilioia” izenekoa, Chejoven narrazioa baliatuz, baina, batez ere, “beharrizan bati erantzunez” esan digu Irene Bauk, aktorea eta 6. pabilioiko bazkide-sortzailetako bat. Proiektu hau, arte ezsenikoen sortzaileek sortutako aretoa da, antzerki munduaren beharrizanak eta hutsuneak ondo ezagutzen dituztenak, antzerki mundutik antzerki
mundura, antzezleek eurek egina eta bultzatua; baina, “gure asmoa ez da antzerki erakusketetarako areto soila izatea”, bertan begirada berrietarako eta euskal antzerki eta dantza taldeen lanerako sorleku eta erakusketaleku
bilakatu nahi dute. “6. pabilioia ez da ohiko antzoki bat, ikusleekiko harremana eta hurbiltasuna bilatzen dugu, sortzailearen eta ikuslearen arteko hesia apurtu nahi dugu. Horregatik, bazkide-elkarte bezala sortu
gara. Egun 200 bat bazkide biltzea lortu dugu”. Pabilioira datorrena eta sarrera erosten duena, automatikoki, proiektuaren bazkide bilakatzen da.
Hala ere, 13 lagun dira bazkide sortzaile edo fundatzaileak, horien artean euskal antzerki munduko pertsona ezagunak, besteak beste: Ramon Barea, Ander Lipus, Blanca Arrieta eta Matxalen Bilbao dantzariak, Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Irene Bau bera. Proiektuan parte hartzeko beste modu bat, urte osorako eserlekua edo butaka erostea da, 150 euroren truke.

Eusko Jaurlaritzak eta ZAWP (Zorrozaurre Art Work in Progress) ekimenak Zorrozaurre auzoa, aintzinako zonalde industriala, berpiztera dator, eta zenbait enpresa gazte eta berritzaileren ekimen kulturalak eta auzoko bizitzak bat egitea nahi du. Programazioa, biziki interesantea, euskal taldeei eskeinia izan da orain arte. Pabilioitik igaro diren talde eta lanen artean Le
petit Theatre du Pain iparraldeko taldea eta Artedramaren Errautsak, Idoia Zabaleta dantzariaren Fisuras 3, Khea Zeater taldearen Gloriaren abestia, Josune Montonen Como como coco me descoco poco, Kukubiltxoren Inorako Bidaia... Aurten, EmE zikloarekin dabiltza 6. pabilioiko lagunak, emakumeek sortutako antzerkia eta dantza bultzatzen duen ekimena.

Euskarazko antzerkia eta dantza garaikidea bultzatu nahi dute bereziki, “nahiz eta orain arte ikusi dugunagatik, euskaraz zein gazteleraz berdin betetzen dugun aforoa. Euskarazko antzerkiak aretoak betetzen ez dituelako
hori mito bat da, ez da guztiz egia, gure esperientziak hala erakutsi digu, behitzat”, jarraitzen du Pako Revueltas aktoreak. Dantza gairaikidearen ikuslegoa murritza dela eta, mito horrekin ere amaitu nahi dute 6. pabilioian.
“Jendea dantza garaikidera ohitu nahi dugu, egin ditugu saio batzuk eta jendeak gustura hartu du”. Bestetik, gazte jendea ere erakarri nahi dute
antzerkira, “bada adin-tarte bat, 15 eta 30 urte artekoa, ez duena antzerkira joateko ohiturarik. Gu nolatan ez garen Arriaga antzokia, alfonbra gorri eta guzti, beste zer edo zer garenez, horiexek erakarri nahi ditugu”.