hurrengoa
01x01    Arrakastatsuak diren hainbat telesailen denboraldi berriak ikusteko aukera izango dugu 2012. urtean. Mad Men telesailarekin abstinentzia sindromeak jota gabiltza aspaldidanik, eta Treme, The Killing, Game of Thrones edo eta Sons of Anarchy-ren azken denboraldiek trantzea pasatzen lagundu badigute ere, Manhattango publizitate agentzia eleganteenaren itzuleraren zain jarraitzen dugu. Tarteka, nostalgiak jota, telesailen museoan gordeta dauden hainbat serie oroitzen ditugu, eta halakoak errepikaezinak direla esaten diogu geure buruari (The Wire, Six Feet Under, Sopranos,…). Gure biziraupenerako, ordea, antenan darraite beste batzuek, eta, garrantzitsuagoa dena, mailari eutsi edo eta urtetik urtera hobera egiten dute (Mad Men, Boardwalk Empire, Breaking Bad…). Telesailen loraldia bizi dugun garai hauetan, proposamen berri ugari iristen da urtero gure pantailetara. Ederra izaten da telesail berrien trama eta pertsonaiak jaiotzen eta garatzen ikustea.
Horietako zeintzuk iraungo duten, hiru asteren buruan zeintzuk kenduko dituzten, edo eta zein
dituen kultuzko bihurtzeko trazak deskubritzea da telesail zaleon elikagaia. Sitcom berriak kontuan
hartu gabe, gure gustuari eta intuizioari jarraiki, aurten estreinatuko diren telesail batzuen aukeraketa egin dugu.
Alcatraz: J. J. Abrams-en proiektu berria. Desagertzeak eta denboran eginiko saltoek ez gaituzte honez gero hainbeste harritzen. Kasu honetan, ordea, atraktiboa egiten zaigu abiapuntua. 1963an Alcatraz kartzela itxi zen. Presoak bertatik atera zituztela esan zuten, baina ez zen hori benetan gertatu...

The River: Amazonas ibaian esploratzaile ezagun bat desagertzen da. Bizirik dagoen zantzuak
topatu dituzte eta haren bila joan dira... telebista talde bat lagun. Blair Witch Project, Lost eta The Emerald Forest osagaiekin eginiko coktail tropikala.

Awake: Polizia detektibe batek emaztea eta semea galtzen ditu istripu baten ondorioz. Jason Isaack
aktore talentudunak haragitzen duen detektibeak, ordea, egunero esnatu eta haiekin harremana
izaten du. Psikiatrek esaten diotenaren kontra, ez ditu berarentzat errealak diren irudipenak atzean utzi nahi. Solaris mitikoa polizia telesail garaikide bihurtuta.

Luck: Michael Man-en eta Deadwood-en sortzailea den David Milch-en proiektu berria. Dustin
Hoffman da protagonista, eta Nick Nolte eta Denis Farina aktoreen laguntza izango du. Joko eta apostu munduaren inguruan girotuta. Telesailen champions leaguean sartzeko osagai guztiak dituzte.

Touch: Kasu honetan, Kieffer Suttherland-ek 24 ordu baino gehiago izango ditu, seme nerabeak
zergatik ez duen inoiz hitz bakarra ere esan deskubritzeko. Zenbakien bitartez hitz egiten duela deskubritzen dutenean, beste zerbait ere deskubrituko dute. Iragana, orainaldia eta etorkizuna lotzen dituena ikusteko gai dela. Heroes-en egileen lan berri honetan, aurrekoan egindako hankasartzeak ez errepikatzea desio dugu.

Smash: Marilyn Monroeren bizitzan oinarritutako Broadway-ko musikal bat antolatzen diharduen
lan talde baten gorabeherak kontatzen dizkigun serieak, show business-aren dirdirak eta miseriak
erakutsiko dizkigula iragarri dute. Aktoreen artean, Debra Messing, Anjelica Huston eta Jack
Davenport. Musikalen inguruko The Producers-en azaltzen zen Uma Thurmanek ere bost ataletan
azaltzeko kontratua sinatu du (Umarekin maiteminduta gaudenontzat bost atal horiengatik soilik merezi du telesailak).

telezailak

Txalaparta argitaletxeak telesailei eskainitako Telezailak: nork esan zuen telebistak tontotu egiten duela? liburua kaleratu du. Sei ahots ezberdinek telesailen fenomenoa jorratu dute hainbat ikuspuntutatik: generoaren afera,
zientzia fikziozko serieak, telesailetako gaizkileak, sexua eta desioa, telesail
vintageak eta telesailetan irakurtzen diren liburuak dira gai nagusiak. Gertakari eta mugimendu garaikideei erantzuteko habilezia eskasa izan ohi du euskal ekoizpen kulturalak. Ia beti besteek zer egiten duten eta egindakoak
zer emaitza eman duen zain izaten gara guk geurea proposatzeko. Zentzu horretan, gisa honetako liburuek bidea erakutsi eta apostu bat direla iruditzen zaigu. Telesailekin gertatzen den moduan, denboraldi berri bakoitzean, kultura
eta gizarte garaikidea jorratuko duten gisa honetako proposamen gehiagoren zain geratzen gara. Ea adibide honek segida duen.