hurrengoa
erromantiko zaharrak berri    Newtonen lege guztiak desafiatzen zituzten ezinezko orrazkerak, sorbalda zabaleko jakak, look androginoa eta tonaka makillaje. Musika eta modaren historiak eman duen mugimendurik neurriz gaineko eta hedonistena. 80. hamarkadako "revival" bat bizi dugun garaietan, gure hiriak inbaditu dituzten arropa denda klonikoek 80. hamarkadako itzulera inposatu digute. Orain arte fosforitoa eta txandalarekin konformatu dira, baina guk ez dugu itxaropenik galtzen: New Romantic-a itzuli dadin otoi egiten dugu gauero gure belus more eta urre koloreko oheburuan belauniko.
New Romantic, New Wave mugimenduaren kume hermafrodita izan zen. Ingalaterran sortu zen 80. hamarkadaren hasieran, Londoneko eszenan. Billy's eta Blitz izeneko klub elitistetan jaio zen. Bi klub hauen inguruan beste hainbat sortu ziren, horien artean Depeche Mode eta Culture Club-ek euren lehen kontzertua eman zuten The Regency ezaguna. New Romantic mugimendua punk izateaz nazkatu ziren aberats kumeek sortu zuten eta berehala inguratu zitzaizkien aldaketa hauetara beti so dauden "hornitzaileak". Diseinadore, artista eta guzti honekin dirua egin zezakeen petral asko apuntatu zen berehala aukera ugari eskaintzen zuen mugimendu berrira. Korronte honetan, musikaz gain, modak berebiziko garrantiza izan zuen. Vivienne Westwood-ek adibidez Adam and the Antsen jantzi guztiak diseinatu zituen. Erromantiko berriek gainera lotura estua izan zuten moda aldizkariekin. Spandau Ballet, Duran Duran edo Visage bezalako taldeek garaiko aldizkarietako azal guztietan izan ziren.
New Romantic mugimenduak, 70. hamarkadako Glam Rock-etik edan zuen. David Bowie-ren garrantzia ez dago ukatzerik, baina erromantiko berri hauek ez zuten aurrekarien hippy kutsurik. Natura etxeko koadroetan soilik bisitatzen zuten eta ez zegoen apenas diskurtso ideologikorik. Gau giro nabarmeneko mugimendu hau, klubetan garatu zen eta ez zuen etorkizunera begiratzen. Euren ideologiaren ardatzean ongi pasatzea eta askatasun sexuala zeuden (printzipio politiko gisa ez da gutxi). Musikalki ere nabaritu zen aldaketa. Gitarra elektro-akustikoek sintetizadorei utzi zieten lekua. Brian Eno-ren melodia aurreratuak eta Kraftwerk bezalako taldeek irekitako bideari ekin zioten sintetizadore eta musika errobotikoari melodia gehituaz. Ultravox, OMD (Orchestral Manoeuvres In The Dark), Soft Cell, Human League, Depeche Mode, Eurythmics, Pet Shop Boys, Frankie Goes to Hollywood eta abar luze batek gaur eguneraino eragina duen musika egiteko bide berri honi ekin zion. Hala ere New Romantic mugimendua ez zen guztiz definitu Duran Duran eta Spandau Ballet ezalako taldeek lehen aipatutako Adam and The Ants-en estetika kodigoak bereganatu zituzten arte. Eta ile apaindegiko ateak ireki zirenean laka hodeiek musikaren mundua inbaditu zuten. Alphaville, Aztec Camera, China Crisis, Culture Club, Kajagoogoo, Japan, Fashion, Talk Talk, Modern English, Thompson Twins, Yazoo eta makina bat taldek musikaren unibertsoa Dante Gabriel Rosettiren koadro eder batetan bihurtu zuten.