hurrengoa
adolf galland: mickey mouse maite zuen pilotua    Gidatzen zituen hegazkinen muturrean Mickey Mousen irudia margotzen zuen pilotuaren historia kontatu nahi dugu. Kontakizunaren tonua bilatzerako orduan zalantzak ditugu ordea. Dandy itxura duen hegazkin pilotu bizizale eta atraktibo baten inguruan idazterakoan, erraza da pertsonaiaren erakargarritasunak jota, mitifikatzeko joera izatea. Kasu honetan ez litzateke zaila izango. Berez hegazkin pilotua izateak duen glamourrari, museo bat betetzeko moduko domina eta errekonozimendu militarrak izan zituelako gure protagonistak. Eta izena. Adolf Galland. Ezin egokiago Galland hori zine galan galant bat dirudien gizonarentzat.

Lehen guda mundialaren ostean, alemaniarrek debekatuta zuten hegazkinak pilotatzea. Adolf Gallandek, bere anaiekin batera, globoak eraiki eta haiekin hasi zen zerua dominatzeko abentura. Motorea zuen edozein tramankulurekin abiada bizian ibiltzea maite zuen gazteak, istripu baten ondorioz ikusmen gaitasuna
urritu zitzaion. Kristal zati batek, begiko erretina moztu zion. Nola lortu zuen pilotu titulua orduan? Ikusmen frogetan, bere anaietako bat sartzen zen beti bere aurretik, paretan jartzen zituzten hizki panelak buruz ikasi eta Adolf anaiari esaten zioten non zegoen hizki bakoitza, honek buruz ikasten zituen eta modu
horretan pasa zituen medikuen froga guztiak. Iruzurgile xarmanta. Parrandazale alaia. Abenturarako beti prest. Mickey Mouse zalea, bere hegazkinetan margotzen zuen xagu ezagunari, berak hainbeste maite zituen purua ezpainetan eta aizkora eta pistola bana gehitu zizkien eskuetan.

Hegazkin pilotu gisa, bere ibilbide militarrean, ehundaka operaziotan parte hartu zuen eta etsaien 104 hegazkin bota zituen. Etsaiek, 4 aldiz bota zuten bere hegazkina, baina guztietan bere trebetasunarengatik bizirik atera zen. Bada, zoriaren zeinu pean jaio den jendea. Adolf Galland horietakoa zen. Eta arrakastaz gain, bere izaera eta bizitzan gertatutako hainbat pasadizoengatik, sinpatia sortzen duen horietakoa. Hain erakargarria izanik, ez da haren bizitzan oinarrituriko pelikularik
egin ordea. Ez dugu apenas haren berririk. Zergatik?

Okerreko bandoan borrokatu zelako.

Hau da, galtzaileen bandoan. Adolf Galland Alemania naziko pilotua izan zen. Ez zen Alemania naziko pilotu bakarra izan, jakina. Askori tokatu zitzaion –eta tokatzen zaio–, bere herrialdearen alde borroka egitea, naiz eta “okerreko” bandoan izan. Ez zen hau Adolf Galland-en kasua. Guda aurretik Condor eskuadroiko pilotua izan zen eta gertuago tokatu zitzaigun guda eta sarraski batean parte hartu zuen. Bolondres gisa. Bapatean nola aldatzen zaigu pertsonaiarekiko jarrera ezta? Gallant ez zaigu hain galant azaltzen orain.

Adolf Galland guda heroia izan zen Alemanian. Polonia, Belgika, Holanda, Frantzia eta Ingalaterrako gudetan parte hartu zuen. Eta hain zuzen ere, guda hauetan, froga medikuak gainditzen laguntzen zioten bi anai pilotu galdu zituen. Gudaren amaierarekin bat, Galland-ek zortearen aurpegi ederra ezagutu zuen berriro ere. Speers arkitektuarekin batera, Nurenberg-ko epaiketetatik onik atera zen gutxietakoa.

Espainieraz hitz egiten ikasi zuelako, Argentinara jo zuen eta bertan pilotu irakasle gisa aritu zen lanean. 1957. urtean Alemaniara itzuli zen arte. Bonn hirira. Eta bere bizitzako azken 40 urteak bertan eman zituen. Hegazkingintzan aritu zen lanean.
Ezkondu egin zen. Eta dibortziatu. Eta berriro ezkondu. Seme alabak izan zituen. Garagardoak edan zituen Bonn-eko tabernetan. Erretiratu zen. Rhin ibaiko ertzetan pasioak eman zituen. Gaisotu zen. Ospitalera eraman zuten. Eta heriotzari ihes egingo ez ziola jabetu zenean, ospitaletik etxera eramateko eskatu, bere gelako ohetik Rhin ibaira begira eta seme-alaba eta biloben konpainian, 1996. urteko otsailaren bederatzian zendu zen Mickey Mouse maite zuen pilotua.